Unibertsitate sailburuak gaur deituko dio EHUko errektoreari, tentsioa baretzen saiatzeko
Juan Ignacio Perez Iglesias Unibertsitate sailburuak baieztatu du gaur deituko diola EHUko errektoreari, unibertsitatearen aurrekontuari buruzko adierazpenak egin ostean. Jarrerak hurbiltzen saiatuko dira horrela. Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean iragarri duenez, datorren urteko kontuek "finantziazio nahikoa bermatzen dute" euskal unibertsitate publikoarentzat.
Dei horren helburua, esan duenez, Bengoetxea errektorearekin pertsonalki biltzeko data bat ixtea da. Bengoetxeak Unibertsitate Sailari izkin eginez lehendakariarekin bilera zuzena eskatu zionetik areagotu egin da desadostasuna, eta horrekin amaitu nahi dute.
Adiskidetzea gorabehera, sailburuak berretsi du ez dagoela EHUren aurrekontua handitzeko tarterik, baina 2026ko kontuek unibertsitatearentzat "inoiz baino diru gehiago" aurreikusten dutela azpimarratu du.
Errektoretzaren kritiketan asmo politikorik sumatzen duen galdetuta, ezetz erantzun du, "susmoren bat" duen arren.
Sailburuak eta errektoreak jendaurrean lehen aldiz bat egin zuten atzo. Ekitaldi instituzional batean izan zen, eta bien arteko hasierako tentsioa nabaria izan zen, nahiz eta biek giroa leuntzen saiatu ziren komunikabideen presentziari buruzko txantxaren batekin. Topaketa elkarri eskerrak emanez eta bostekoa emanez amaitu zen, eta keinu hori tentsioa murrizteko lehen urratsa izatea espero dute biek.