UCOk Cerdani buruz egindako azken txostenak hautsak harrotu ditu Nafarroan
UPNk eta Nafarroako PPk Maria Chivite Foru Gobernuko presidentearen aurka egin dute, eta PSNk, berriz, Santos Cerdan buruzagi sozialista ohiaren "jokabide onartezina" deitoratu du.
Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak (UCO) Koldo auziari buruz egindako azken txostenak erreakzio-uholdea eragin du Nafarroako alderdien artean. Belateko tunelen obren esleipenean izandako ustezko irregulartasunen inguruan UPNk egindako salaketa aipatzen du dokumentuak, eta Auzitegi Goreneko magistratuak hala erabakiz gero, esleipen hori beste kontratazio publiko batzuk ikertzen dituen auzi berezian sar litekeela planteatzen du.
Cristina Ibarrola UPNko presidenteak adierazi duenez, bere alderdiak jarritako salaketa "babesten" du txostenak, eta Maria Chivite presidentea "gero eta seinalatuago" dagoela uste du.
Ildo berean, Javier Garcia Nafarroako PPko presidenteak adierazi du, txosten berriaren "edukiaren larritasunaren aurrean", Foru Gobernuak iragarritako "kanpoko ikuskapenek jada ez” dutela balio, eta Chiviteren "irteera bakarra dimisioa” dela.
PSNk, bere aldetik, Santos Cerdan buruzagi sozialista ohiaren inguruan hitz egin du, UCOk bildutako informazioa aipatuz. Ohar batean, sozialistek adierazi dute deskribatutako gertakariak "onartezinak" direla, "ez dagokiolako zorroztasunez, gardentasunez eta errespetu instituzionalarekin egin beharko litzatekeen erantzukizun politikoari”.
Nafarroako sozialisten arabera, herritarrek "errespetu handiagoa merezi dute", eta txostenean adierazitako jokabideak "oso kaltegarriak dira konfiantza publikoarentzat".