EAJk bi jarleku gehiago izango lituzke, 29 eskuratuta, eta EH Bilduk 27 eserleku lortuko lituzke
Boto-aurreikuspenari buruz Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako inkestaren arabera, EAJk eta EH Bilduk hazkunde txikia izango lukete, eta PSE-EEk, berriz, beherakada txikia (eserleku bat galduko luke). Gainerako alderdietan ez litzateke aldaketarik izango.
Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako "Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak: boto-aurreikuspena" txostenaren arabera, EAJk eta EH Bilduk bina eserleku gehiago lortuko lituzkete Eusko Legebiltzarrean. Txostenaren arabera, EAJk eta EH Bilduk hazkunde txikia izango lukete, eta, PSE-EEk, berriz, beherakada txikia (eserleku bat galduko luke). Gainerako alderdietan ez litzateke aldaketarik izango.
GPSaren boto estimazioaren estrapolazioarekin (baliozko botoen ehunekoa), EAJk baliozko botoen % 36,3 lortuko lituzke, eta, EH Bilduk, % 31,7. PSE-EEk botoen % 13,6 eskuratuko lituzke, PPk, % 8,4, Sumarrek, % 3,0, Elkarrekin Podemosek, % 1,9, eta Voxek, % 3,2.
ESERLEKUEN BANAKETA
Eusko Legebiltzarreko egungo eserlekuen banaketarekin alderatuta, jeltzaleek bi eserleku gehiago lortuko lituzkete, EH Bilduk bere horretan jarraituko luke egungo 27ekin, sozialistek eta popularrek ban galduko lukete. Sumarrek eta Voxek eserleku bakarra izaten jarraituko lukete.
ARABA
Araban, boto estimazioaren arabera, EAJ lehen indarra izango litzateke (% 29,1), EH Bildu gertu duela (% 28,3). Ondoren, PSE-EE (% 15,9) dago, PP (% 13,5) eta, jarraian, Vox (% 6,1), Sumar (% 3,5) eta Elkarrekin Podemos (% 1,7).
BIZKAIA
Bizkaian, boto estimazioak alde handia ematen dio EAJri (botoen % 39,8). Bigarren indarra EH Bildu izango litzateke (% 28,5). PSE-EEk bozen % 13,3 lortuko lituzke, eta PPk, % 8,7. Eserlekuak lortzeko mugaren azpitik, Sumar (% 3,1), Elkarrekin Podemos (% 1,7) eta Vox (% 3) leudeke.
GIPUZKOA
Gipuzkoan, boto estimazioak EH Bildu jarri du lehen indar gisa, botoen % 38,4rekin; ondoren, EAJ, % 33,7rekin. Ondoren, PSE-EE legoke, % 13rekin, eta PP, % 5,7rekin. Gainerako alderdiak horrela geratuko lirateke: Sumar (% 2,7), Elkarrekin Podemos (% 2,2) eta Vox (% 2,2).
Telefonoz eta galdetegi itxia eginda, inkestak 2025eko azaroaren 11tik 14ra bitartean egin ziren. Prospekzio Soziologikoen Kabineteak inkesta diseinatu eta aztertu zuen, eta Ikerfel enpresak, berriz, landa-lana egin zuen. 18 urtetik gorako 3.030 pertsona elkarrizketatu zituzten (730 Araban, 1.315 Bizkaian eta 985 Gipuzkoan), udalerrien tamainaren araberako laginketa polietapiko eta estratifikatua eginda, sexuaren, adinaren eta lan-egoera kontuan hartuta.