TRANSFERENTZIAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eusko Jaurlaritza "oso kezkatuta" agertu da eskualdatzeen auzian izandako "atzerapausoengatik"

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Autogobernu sailburuak ohartarazi duenez, nahiago dute transferentziarik ez egitea, "eskualdatze txarra" izatea baino. Gaur arratsaldean Elma Saiz ministroarekin bilera du Ubarretxenak, eta espero du egoera bere onera etortzea. 

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritza gobernu bilera
Ubarretxena, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

"Kezkatuta, oso kezkatuta", hala azaldu da gaur Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailea transferentzien gaian "azken egunetan" izandako "atzerapausoak" tarteko. 

Ubarretxenak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenak, hilaren 29an bildu behar den Transferentzien Batzorde Mistoaren bileraz galdetu diotenean. 

"Azken egunotan, aurrerapausoak eman beharrean, atzerapausoak eman ditugu", ohartarazi du. Horren ahotan, "zailtasunak" hilaren 29an eskualdatu behar dituzten bost eskumen horietan azaldu dira. Honakoak dira: Barakaldoko makineria egiaztatzeko zentroa, eskola-asegurua, Gizarte Segurantzaren kotizazio gabeko prestazioak eta langabezia-prestazioak.

Ohartarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzak ez du "atzerapausorik" onartuko Espainiako Gobernuarekin adostutako akordioan. "Nahiago dugu eskumenik ez eskualdatzea, transferentzia txar bat baino", gaineratu du. 

Ubarretxenak iradoki du arazoa estatu idazkarien aldetik datorrela. "Estatu idazkariek ministroek baino gehiago agintzen dute, eta ez dituzte onartu nahi bi gobernuen artean sinatuta ditugun akordioak".

Ingurumari horretan, azaldu du gaur arratsaldean bilera duela Elma Saiz ministroarekin, eta espero duela egoera bideratzea. 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ernaik eskuin-muturraren igoeraren aurka antolatzeko deia egin die gazteei

Bilbon egindako mobilizazioan, gazte erakundeak ideia erreakzionarioak eta euskararen aurkako erasoak salatu ditu. Itsas Kapitaintzaren aurrean, Espainiako bandera bat erre eta Bilbo euskalduna, antifaxista eta feminista aldarrikatu du. Era berean, ELAk eta LABek martxorako deitu duten greba orokorrarekin bat egin du, eta independentzia helburu dutela antolatzeko deia egin die gazteei.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X