Eusko Jaurlaritzak adierazi du erantzukizunez jokatu duela transferitu gabe dauden eskumenen aurrean
"Pentsatzen dugu hobe dela transferentzia horiek erabaki genuen bezala eta nahi dugun moduan gauzatu arte itxarotea", esan du Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.
Ibone Bengoetxea, lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ziurtatu duenez, Jaurlaritzak "erantzukizunez" jokatu du Espainiako Gobernuarekin hitzartutako transferentziak akordioan adostu bezala "gauzatu arte" itxaronda. Gainera, berretsi du gaur-gaurkoz ez direla betetzen uztaileko aldebiko bileran hitzartutako "gutxieneko baldintza tekniko, ekonomiko eta juridikoak".
Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako "Pizkundea" ekitaldia hasi aurretik egin ditu adierazpenok Bengoetxeak, komunikabideen aurrean. Hain zuzen ere, astelehenean Eskumenen Batzorde Mistoa egitekoa zen bilera urtarrilaren 16ra atzeratzeko erabakiaz egin du berba sailburuak.
Ostiralean Jaurlaritzak esan zuenez, "une honetan ez dira bost eskumen horiek transferitzeko baldintzak betetzen", astelehenerako aurreikusita zegoen bilera behar bezalako baldintzetan eta berme guztiekin egin nahi bada behintzat.
"Hobe da itxarotea, eskualdatzea adostu genuen bezala eta nahi dugun moduan gauza dadin", gaineratu du.