ESKUMENAK

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gaurko aurreikusita zegoen Aldebiko Batzordearen bilera atzeratu dute, eskumenak transferitzeko berme nahikorik ez zegoelako

Batzarra ostiralean utzi zuten bertan behera, uztailean hitzartutako "gutxieneko baldintza tekniko, ekonomiko eta juridikoak" betetzen ez zirela ikusita. Urtarrilaren 16rako egin dute berriro hitzordua bi aldeek.

Ubarretxena Madril Ministerioa eskumenak  Irekia

Ubarretxena, ostiralean, Madrilen. Argazkia: Irekia

Gaur egin behar zuten Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak bost eskumenen transferentzia ixteko Transferentzien Aldebiko Batzordearen bilera, baina azkenean, jakina denez, batzarra bertan behera geratu da eskualdatzea gauzatzeko bermerik ez dagoela iritzita. Urtarrilaren 16rako egin dute hitzordua bi aldeek. 

Honakoen inguruko akordioa itxi behar zuten gobernuek: Itsas salbamenduko eskualdaketak, Barakaldoko makineria egiaztatzeko zentroa, eskola-asegurua, Gizarte Segurantzaren ordaindutakoaren araberakoak ez diren prestazioak eta langabezia-prestazioak. Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak uztailean, akordio politiko baten bidez, adostu zituzten denak. 

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ziurtatu duenez, Jaurlaritzak "erantzukizunez" jokatu du Espainiako Gobernuarekin hitzartutako transferentziak akordioan adostu bezala "gauzatu arte" itxaronda. Gainera, berretsi du gaur-gaurkoz ez direla betetzen adostutako "gutxieneko baldintza tekniko, ekonomiko eta juridikoak".

Batzarra ostiralean atzeratu zuten, Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua eta Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa Madrilen bildu eta egun eskasera. Orduko hartan, aurrerapausoak ikusi zituen Jaurlaritzak, baina baita "oztopo tekniko, administratibo eta ekonomiko nabarmenak" ere.

Espainiako Gobernuak Gernikako Estatutua betetzeko konpromisoa berretsi du, baina zehaztu du gaur egun ez dagoela berme juridikorik eskualdatze horiek gauzatzeko, batez ere Gizarte Segurantzaren kasuan. 

Ingurumari horretan, Joseba Diez Antxustegi EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileari "ulertezina" iruditu zaio Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak hitzartutako akordio politikoa ez betetzea, eta gauzak horrela, uste du jeltzaleek "eskuak libre" dituztela Kongresuan PSOEren neurrien kontra bozkatzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X