Chivitek Nafarroako Gobernua birmoldatuko du, Felix Taberna eta Amparo Lopez kargutik kenduta
Ostegun honetan egingo du agerraldia hedabideen aurrean Nafarroako Gobernuko presidenteak, erabakiaren inguruko azalpenak emateko. Gobernuko iturriek azaldu dutenez, legegintzaldiaren azken txanpari “bultzada politikoa” ematea da helburua.
Nafarroako Gobernuaren egituran aldaketak egingo dituela iragarriko du ostegun honetan Maria Chivite presidenteak. Diario de Navarra egunkariak aurreratu eta Foru Gobernuko iturriek baieztatu dutenez, bi alderdikide kenduko ditu kargutik: Felix Taberna lehen presidenteordea eta Presidentetza eta Berdintasun kontseilaria eta Amparo Lopez Foru Gobernuaren eleduna eta Barne, Funtzio Publiko eta Justizia kontseilaria.
Gobernuko iturriek EITBri azaldu diotenez, legegintzaldiaren azken txanpari "bultzada politikoa" ematea da helburua.
Chivitek bere bigarren agintaldiko momenturik zailenak bizi ditu, Cerdan auzia tarteko, eta legegintzaldia amaitzeko urte eta erdi eskas falta denean erabaki du gobernuan aldaketak egitea.
Foru Gobernuaren alde sozialistan egingo ditu aldaketak. Geroa Bai eta Zurekin Nafarroako kontseilariei dagokienez, ez da espero aldaketarik.
Nafarroako Gobernuak egun dituen hamahiru kontseilarietatik zortzi PSN-PSOEkoak dira, Geroa Baik lau ditu, eta Contigo-Zurekin koalizioak, bakarra. Ez da uste aldaketek azken bi talde horiei eragingo dietenik.
Chivitek 2023an kargua hartu zuenetik, bigarren aldiz birmoldatuko du Gobernua. Aurrenekoan, Juan Cruz Cigudosa Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria kendu zun kargutik, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateetako Estatu idazkari izendatu zutelako. Patricia Fanlok hartu zuen Cigudosaren lekukoa, baina duela urtebete inguru Fanlo ere kargutik kendu zuten, eta haren lekuan Juan Luis Garcia dago egun.