Begoña Gomezen agerraldiaren ondoren, Peinado epaileak hiru egun ditu orain ahozko epaiketa hasi ala ez erabakitzeko
Defentsak eta Fiskaltzak auzia artxibatzeko eskatu dute, eta Hazte Oir erakundeak koordinatzen dituen herri-akusazioek kautelazko hainbat neurri eskatu dituzte, pasaportea kentzea, adibidez.
Bi ibilgailu Castilla plazako epaitegietara sartzen arratsaldean. Argazkia: EFE
Madrilgo Gaztela Plazako Epaitegietara joan behar izan du gaur arratsaldean Begoña Gomez Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen emazteak, Peinado epaileak deituta, aurretiazko entzunaldi eta kautelazko neurrien bistara.
Ustezko lau delitu direla eta (eraginen trafikoa, ustelkeria negozioetan, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea eta bidegabeko jabetzea) herri-epaimahaiarekin egin daitekeen epaiketaren aurreko entzunaldia izan da gaurkoa.
Hiru ordu eman ditu bertan Gomezek, eta orain Peinado epaileak hiru eguneko epea du ahozko epaiketa hasi ala ez erabakitzeko.
Gainera, gaur eta bihar artean argitu beharko du epaileak Gomezen aurkako kautelazko neurririk hartzen duen.
Defentsak eta Fiskaltzak auzia artxibatzeko eskatu dute.
Aitzitik, Hazte Oir erakundeak koordinatzen dituen herri-akusazioek euren akusazioak berretsi eta hainbat kautelazko neurri eskatu dituzte: pasaportea kentzea, Espainiatik irteteko debekua ezartzea eta hamabost egunean behin epaitegian agertzeko betebeharra ezartzea.
Cristina Álvarez aholkulariarentzat neurri berdinak eskatu dituzte.
Aldiz, uko egin diote Juan Carlos Barrabes enpresariarentzat pasaportea erretiratzea eskatzeari, ihes egiteko arriskurik ez dagoela iritzita.