Espainiako Gobernuak hesi bat jarri du Ceutan, mugako morruan
Auzitegi Gorenak ebatzi zuen "mugako elementuak" gainditzen dituztenak bakarrik itzul daitezkeela heldu eta berehala. Hesia jarrita baldintza hori bete nahi dute.
Espainiako Gobernuak jakinarazi du Ceutako morruan mugako hesi bat jarri duela gaur, gaua "normaltasunez" igaro ostean. Gobernuaren arabera, migratzaileen etorrera erabat eten da, eta gehienak Marokora itzuli dira.
Goizeko zortzietan Ceutako morruan jartzen hasi diren egituraren elementu nagusia hesi pneumatiko bat da, 500 metroko luzera, gainazalean 30 eta 70 zentimetro arteko altuera eta urpean metro bateko sakonera duena. Armadak ainguratuta jarritako buien lehen lerro batekin osatutako egituraren parte izango da.
Halaber, bi hesien arteko kanal bati esker, Guardia Zibilaren ontziek hesi pneumatikoaren babesa "une oro" bermatu ahal izango dute, iturri horien arabera.
"Buiak" eta Auzitegi Gorenaren epaia
Auzitegi Gorenak berehalako itzulketen inguruan berriki emandako epai batek ekarri du hesia jartzeko erabakia, Pedro Sanchezek "buien hesi bat" jarriko zutela iragarri baitzuen epai horren berri izan ondoren.
Auzitegi Gorenak esan zuen bakarrik itzularazi daitezkeela berehala Ceuta edo Melillara "mugako euste-elementuak" (hesiak, esate baterako) gaindituta sartzen direnak. Horren esanetan, ezin dira muga zeharkatu eta berehala itzularazi igerian iristen direnak, horiek, Gorenaren arabera, ez baitute gainditu muga markatzen duen elementurik.
Horren esanetan, araubide hori itsasoan jar daitezkeen euste-elementuak gainditzen dituztenei ere aplikatu ahal izango zaie. Hesi pneumatikoak, hain zuzen ere, irizpide juridiko hori betetzeko jarri dute.
Bestalde, Espainiako Gobernuaren Ceutako Ordezkaritzak gaur jakinarazi duenez, Marokotik migratzaileen jarioa "erabat eten da".