Euskadik eta Galesek bultzada eman diete proiektu ekonomiko, sozial, linguistiko eta kulturalei
Imanol Pradalesek Eluned Morgan Galesko ministro nagusia hartu du Ajuria Enea Jauregian, eta bi eskualdeek 2018an sinatu zuten lankidetza-memoranduma berritu dute, biek sinatuta, lankidetzarako aukera berriak aztertzeko asmoz.
Eusko Jaurlaritzak eta Galesko gobernuak bi eskualdeen arteko lankidetza indartu dute, bultzada bat emateko arlo ekonomiko, fiskal, industrial, sozial, linguistiko eta kulturalean proiektuak elkarrekin garatzeari, bakean, nazioarteko zuzenbidean eta multilateralitatean oinarritutako ordena globala suntsitu nahi dutenen aurrean une “garrantzitsua” den honetan.
Hala adierazi du Imanol Pradales lehendakariak Ajuria Enean Eluned Morgan Galesko ministro nagusiari harrera egin osteko hitzartzean. 2018an bi eskualdeek sinatutako elkarlanerako memorandumaren berritu dute, biek izenpetuta, elkarlanerako aukera berriak bilatzea xede.
Akordio horrek proiektu komunak aipatzen ditu mugikortasun jasangarrian eta garraioan, ingurumen eta aldaketa klimatikoaren alorrean, teknologia eta berrikuntzan, energia berriztagarrietan, nekazaritzako elikagaietan, hezkuntzan, politika fiskaletan, osasunean eta gizarte zerbitzuetan, baita hizkuntza eta kultura politiken arloetan ere.
2027rako egikaritu daitekeen Makroeskualde Atlantikoa ere hizpide izan dute memorandumaren sinaduran.
Lehendakariak gogorarazi duenez, Gales, Europar Batasunean ez dagoen arren, Arku Atlantikoaren Batzordeko kide da, eta makroeskualde horren proiektua gauzatzeko lan egin du, "pisu politikoa irabazteko, sarea egiteko eta fatxada atlantiko eta transatlantiko osoan irismen handiagoko proiektuak garatzeko".
Pradalesek nabarmendu duenez, urte hasierako gertaerek erakusten dute inoiz baino beharrezkoagoa dela balio demokratikoak babestu eta Europa indartzea, eta adierazi du Galesekin sinatutako akordio hori “bi naziok” lehiakortasunari, segurtasunari eta ongizateari ekarpena egin nahi dioten aurrerapausoa dela, “ez indarraren arrazoitik, arrazoiaren indarretik baizik”.
Nabarmendu du Euskadik eta Galesek "gerraosteko europar proiektuaren" sorrerako balioak defendatzen dituztela, lider autoritarioen eta mugimendu populista eta muturrekoen gorakada globalaren aurrean.
Halaber, nortasuna, kultura eta hizkuntza propioak sustatzen jarraitzearen eta trantsizio ekologiko, teknologiko eta demografikoari lotutako proiektu partekatuak esploratzearen alde egin du.
Bestalde, Eluned Morgan ministroak, lehendakariarekin batera egindako agerraldian, "historikotzat" jo du Euskadirekin “hainbeste antzekotasun dituen herriarekin”, egindako akordioa. Galesa, espainiera eta ingelesa erabili ditu bere hitzartzean.
Galesek Euskaditik asko ikasi duela adierazi du, eta batez ere ekonomian, teknologia berrietan, energia berriztagarrietan eta harreman kultural eta linguistikoetan lan egin behar dela esan du.
Gales EBko kide ez den arren, Euskadirekin etorkizunean hazteko aukerak daudela uste du.
Memoranduma sinatu ondoren, Galesko ministro nagusiak bilera instituzionalak eta bisitak egingo ditu berrikuntzaren, industriaren eta nazioarteko proiekzioaren arloko eragileekin.
Euskadiren eta Galesen arteko lehen lankidetza-memoranduma 2018an sinatu zuten bi eskualdeetako orduko agintariek, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Carwyn Jones ministro nagusiak, eta gero berritu egin zen.
2023an, urte horretan Galesko ministro nagusi zen Mark Drakefordek bisita ofiziala egin zuen Euskadira, lankidetza-proiektuetan egindako aurrerapenak aztertzeko.
Ostegun honetan sinatutako memoranduma berritzeko ekitaldian, bi gobernuek erabaki dute jarraipen batzorde bat sortzea, proiektuak aldian-aldian gainbegiratzeko, eta zehaztu dute ituna lau urte barru argitaratuko dela.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik