ARAGOIKO HAUTESKUNDEAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

PPk Voxi Aragoin botatako hordagoak kale egin du: ultraeskuina puztuta eta PSOE gainbeheran

Azcon (67 eserlekuetatik 26 lortuta) eskuin muturraren (14) menpe egongo da; are, PPri "politikak aldatzeko" eskatu dio Abascalek. Bi eskuinen baturak botoen % 60 bildu ditu Aragoin. Ezkerrari begira, aldiz, CHAren gorakada gorabehera (3 diputatutik 6ra), atzeraldian dela agerian da. PSOE minimo historikoan kokatu da (18 eserleku), eta Podemos, ordezkaritza barik. 

Abascal (Vox) y Azcón (PP Aragón) tras los elecciones

Abascal pozarren, eta Azcon, irribarre gazi-gozoarekin, atzo, Aragoiko hauteskundeen ostean. ORAIN

Albiste honek duen argazkiak ondo laburbildu ditzake Aragoiko hauteskundeetan izandako emaitzak. Jorge Azcon PPren hautagaia, irribarre epel batekin, eta Santiago Abascal Voxen burua, ezti mamitan. Gogora ekarri behar da hauteskunde aurrerapena PPren hordagoa izan zela, ikusita ezin zituela Voxekin 2026ko aurrekontuak adostu. Gehiengo osoa lortuko zuelakoan, bozak deitu zituen Azconek. Usteak erdi ustel. PPk babesa galdu du (28 ordezkaritik 26 izatera igaro da), eta Vox indartuta atera da hitzordutik: ordezkariak bikoiztu ditu (7tik 14ra). Dena dela, eskuina da benetako garailea: 10 boto-emailetik 6k PPren edo Voxen alde egin dute.

Garaipen gazi-gozoa da, hortaz, PPrena. Voxek du gobernagarritasunaren giltza. Izan ere, ultraeskuina abstenitzen bada, PSOE, Teruel Existe, IU-Sumar eta CHAren baturak PPren botoak gainditzen ditu.

Hori horrela, atzo Azconek Espainiako Gobernuari egindako mehatxua —“Tik-tak, tik-tak, Sanchismoak egin du” bota zuen— kontra etorri ahal zaio. Alberto Nuñez Feijoo PPren buruzagiak eguerdian bilduko du Zuzendaritza Batzorde Nazionala Aragoiko hauteskundeak aztertzeko. Genovak defendatu duenez, Extremaduran bezala, oraingoan ere garaile atera da PP; ifrentzuan, Sanchezen PSOE gainbeheran dago. Dena dela, ukaezina da Voxek azeleragailua zapalduta duela, eta gobernagarritasunaren giltza duela, PP haren menpe jarrita.

Alejando Nolasco Voxen zerrendaburuak gaur esan du Azconen telefono deiaren zain dagoela, eta prest agertu da “politika sozialistak” aldatzeko. PPri hauteskundeak aurreratzea txarto atera zaiola nabarmendu du, eta Azconen “ezkerreko politikak” kritikatu ditu. "Politika horiek aldatu nahi ditugu. Gero ikusiko dugu nola adosten dugun dena, akordioa lortzen ote dugun edota gurekin ituna egin nahi duten", azaldu du.

Abascal ildo beretik mintzatu da bart. PPri gobernua osatzeko eskua luzatu dio, baina “politikak aldatzearen” truke.

PSOE, hustuta

Bestelakoa da PSOEk lortutako emaitzen balorazioa. Pilar Alegria PSOEren hautagaiaren porrota (23 eserleku izatetik 18ra jaitsi da) sozialisten gainbeheraren isla da, eta Sanchezen profila higatu (Alegria Espainiako Gobernuko ministro eta bozeramailea zen, presidentearen oso gertukoa). 2015eko hauteskundeetatik (Podemosen goraldi betean), PSOEk inoizko emaitzarik txarrenak lortu dituzte sozialistek.

Chunta Aragonesistak (CHA) erakarri ditu nonbait ezkerzaleen botoak eta ordezkaritza bikoiztu du (3tik 6ra). Egia da ez dela bere emaitza historiko onena —bederatzi diputatu izan zituen 2003-2007 legealdian—, baina Jorge Pueyo hautagaia oso leku onean utzi du. Horrek ere balorazio gazi-gozoa egin du: “Aragoiko ezkerraren erreferente gara, baina ultraeskuina inoiz baino indartsuago dago”.

Garaipen txiki hori kenduta, ezkerrarentzat egun txarra izan zen atzokoa. Izquierda Unida-Movimiento Sumar koalizioak bere eserlekuari eustea lortu du, baina inkestek iragartzen zituzten bizpahiru horietatik urrun. Podemos-Alianza Verdek, aldiz, deskalabrua izan du otsailaren 8koan: Aragoiko Gorteetatik kanpo geratu da, Echeniquek 2015ean lortutako 12 diputatuen itzalpean. 

Existe koalizioarentzat ere gau garratza izan da. Teruel Existek eserleku bat galdu du probintzia horretan (3tik 2ra) eta Aragon Existek ez du diputaturik eskuratu. PAR ere ordezkaritza gabe gelditu da.

Zure interesekoa izan daiteke

VITORIA, 31/03/2026.- La vicelehendakari y consejera de Cultura, Ibone Bengoetxea, ha informado este martes en Vitoria de los asuntos tratados en el Consejo de Gobierno. EFE / L. Rico
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Jaurlaritzak 'Jauzia Gara' Euskararen Plan Estrategikoa onartu du erabileran "jauzi kualitatiboa" emateko

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, "inoiz baino euskaldun gehiago dugu, baina erronka nagusia erabileran dago". Helburua da euskararen ezagutzan eta, bereziki, erabileran "jauzi kualitatiboa" ematea, hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen presentzia gizarteko eremu guztietan handitzeko.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X