PPk irabazi ditu Aragoiko hauteskundeak, baina Voxen botoen menpe geratu da
PPk irabazi ditu hauteskunde autonomikoak Aragoin, 26 eserleku eskuratuta (azken hauteskundeetan baino 2 gutxiago). PSOEk 18 lortu ditu (5 gutxiago), eta Voxek bere ordezkaritza bikoiztu du, 7tik 14ra igarota. Chunta Aragonesista 3tik 6ra igo da.
Jorge Azcon PPko hautagaia ospakizunen egoitzara sartzen. Argazkia: EFE
PPk irabazi ditu igande honetako hauteskunde autonomikoak Aragoin, Gorteetako 67 eserlekutatik 26 eskuratuta (gaur egun dituenak baino bi gutxiago). PSOEk , berriz, 18 eserleku lortu ditu (bost gutxiago), eta Voxek bere ordezkaritza bikoiztu du, 7tik 14ra igota, botoen % 98 zenbatu dutenean.
Chunta Aragonesistak (CHA) ere emaitza ona lortu du, 3 eserlekutik 6 izatera igaro baita; Aragon-Teruel Existek, berriz, 2 diputatu lortu ditu, eta Izquierda Unida-Movimiento Sumarrek zuenari eutsi dio.
Partido Aragones alderdiak eta Podemosek ordezkaritza galdu dute Legebiltzarrean, % 98 zenbatuta dagoenean.
Se acabo la fiestak ere ez du ordezkaritzarik lortu.
Emaitza hauen arabera, PPk Vox beharko du gobernatzeko. Izan ere, 34 boto behar dira gehiengo absolutura iristeko.
Jorge Azcon PPko hautagaia pozarren irten da komunikabideen aurrera eta emaitza onak atera dituztela eta "hauteskunde hauetako irabazle bakarrak" direla esan du. Era berean, sozialistek "inoizko emaitzarik txarrena" atera dutela gogorarazi du. "Tic tac, tic tac" esamoldearekin, "sanchismoa amaitu da" iragarri du. Eta bihartik aurrera gobernua osatzeko lanean hasiko direla esan du.
Alegriak dio ez dela emaitza ona eta oposizioaren buru eta arduradun izango dela
Pilar Alegria PSOEren Aragoiko hautagaiak aitortu du bere alderdiak ez duela emaitza onik lortu igandeko hauteskundeetan, eta oposizio "serio eta arduratsua" egingo duela aurreratu du. "PP orain ultraeskuinaren gatibuagoa" dela ere esan du.
Nolasco (Vox): “Zentzuak irabazi du, eta ez alderdi-bitasunak”
Alejandro Nolasco Voxeko hautagaiak aldarrikatu duenez, “Aragoin ere Voxen modu bikoitzean nahi da”, Extremadurako hauteskundeetan lortu zituzten emaitzei erreferentzia eginez. Igande honetan “sen onak irabazi du, eta ez alderdi-bitasunaren iruzurrak” gaineratu du.
Jorge Pueyo (CHA): “Emaitza ona da Chuntarentzat, baina txarra Aragoirentzat”
Jorge Pueyo Chunta Aragonesistako hautagaiak bere alderdiaren emaitza ospatu du, baina atsekabea ere adierazi du: "Emaitza oso ona da Chunta Aragonesistarentzat, baina hauteskunde hauen emaitza txarra da Aragoirentzat. Ona da CHArentzat, botoak bikoiztu ditugulako. Ona da CHArentzat, eskuin muturraren gorakadari eutsi diogun alderdi bakarra garelako. Ona da CHArentzat, ezkerraren erreferentzia bihurtu garelako Aragoin. Eta ona da CHArentzat, Aragoiko gazteei esker izan delako”.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik