EHUk Arabako campusa itxiko du astelehenean, Voxen ekitaldi bat dela-eta
Eskuin muturreko alderdiak otsailaren 23aren oroigarri gisa egin du deialdia, “unibertsitatean askatasuna defendatzeko ezker abertzalearen aurrean”.
Arabako campuseko fakultateetako bat, artxiboko irudi batean.
EHUk erabaki du Arabako campusean datorren astelehenean, otsailak 23, egin behar zen aurrez aurreko jarduera oro bertan behera uztea, Julia Calvet Vox alderdi ultraeskuindarreko Gazteriaren bozeramaileak egun horretarako deitutako ekitaldiak dakarren "arriskuaren" aurrean segurtasuna bermatzeko.
Santiago Abascalen alderdiaren ekitaldiari erantzunez, Farmazia Fakultatearen sarreran elkarretaratze bat deitu dute sare sozialen bidez, "antifaxismoa kriminalizatu eta matxismoa, espainolismoa eta arrazismoa sustatzen dituen Vox alderdi politiko faxistaren" aurka.
Ohar baten bidez, EHUko errektoretza-taldeak egun horretan hartuko dituen "prebentzio-neurrien" berri eman du, komunitatearen “segurtasuna bermatu eta totalitarismoaren aurrean osasun-hesia" jartzeko.
Hala, bertan behera utziko dute Gasteizko campuseko aurrez aurreko jarduera oro; eskolak online emango dituzte, eta telelana lehenetsi. Teknikari eta administrariek ere era horretara jardutea ahalbidetuko dute, zentroetan zerbitzu guztiak bermatzen diren heinean.
Halaber, segurtasun neurri gisa, 08:00etatik aurrera eraikinetarako sarrera nagusiak itxita egongo dira eta unibertsitatearen aparkalekuak zerratuko dira. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila arduratuko da aparkaleku horiek ixteaz.
Errektoreek erabaki horiek hartu dituzte Voxek deitutako ekitaldia "arriskutsua" delakoan, "EHU kanpo gatazka batean nahastuta gerta ez dadin".
Voxen ustez, "onartezina" da EHUko errektoretza-taldeak "faltsukerietara" jotzea eskola-egun batean campusa ixteko erabakia justifikatzeko, "politikan aritzeko beste edozeinen eskubide bera duen alderdi demokratiko baten aurkako salaketa handiak eginez". Era berean, "diskurtso totalitarioak" sustatzea leporatu die ezkerreko eta abertzaleak diren gazte erakundeei, "aurkari politikoen aurka indarkeria erabiltzera iritsiz".
Gogoratu beharra dago joan den urriaren 12an, Falange Españolak Arabako hiriburuan egindako ekitaldi batean liskarrak izan zirela faxisten eta haien aurkako taldeen artean, eta Ertzaintzak esku hartu zuela. Denera, 19 atxilotu, 40 zauritu eta 10.000 euroko kalteak izan ziren.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik