Hauteskundeak Iparraldean: Baionako bataila, abertzaleen erronkak eta ezkerraren zatiketa
Hendaiako Udalaren irudi bat. Foto: EITB Media
Hendaiatik Maulera eta Baionatik Garazira, inkognita ugari argitu behar dira igande honetatik aurrera Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeetan. Herriko Etxeetako Bozak, ohi bezala, bi itzuliko sistemaren arabera erabakiko dira: lehenengoa, martxoaren 15ean; eta bigarrena, 22an. Udalerri gehienetan zerrenda bakarra aurkeztu den arren, kontuan hartu beharreko hainbat arreta-gune izango dira.
Lapurdiko kostaldean, lehia estua espero da Baionan zein Miarritzen. Oso urrutira joan gabe, Hego Lapurditik hasi eta barnealderaino, EH Baik berretsi nahi ditu aurreko hauteskundeetan, 2020an, lortu zituen emaitza bikainak. Ikusteko dago, halaber, zer neurritan lor dezakeen EAJk bere aukerak nagusitzea jomugan dituen bederatzi udalerritan.
Eskuinaren eta ezkerraren arteko lehiari dagokionez, ezkerra zatituta joango da beste behin eta eskuina indartuta atera daiteke. Eskuin-muturraren mehatxuari erreparatuz, ahulago agertu ohi da udal hauteskundeetan, baina Europako bozetan zein presidentzialetan indar handia erakutsi zuen, baita Iparraldean ere, eta jarraitu beharreko beste arreta-guneetako bat izango da
160 auzapez
Ipar Euskal Herriko udalerriak batzen dituen Euskal Hirigune Elkargoak 158 udal hartzen ditu bere baitan. Badaude, halere, beste bi udalerri ere Ipar Euskal Herrian sartu ohi direnak: Eskiula eta Jeztaze, biak Zuberoan eta biak erabat euskaldunak mintzaira aldetik. Hortaz, 160 auzapez aukeratu behar dira.
Bi itzuliko hauteskundeak izan arren, udal gehientsuenetan, % 90ean, lehen itzulian erabakita geldituko da nor izango den auzapez eta nortzuk herriko etxeetako kontseilariak. Izan ere, udal gehienetan hautagaitza bakarra (116 udalerriren kasua da) edo bi (30 udalerritan) izango dira, eta gutxieneko mugetara heltzea nahikoa izango dute. Litekeena da 15 bat herritan bigarren itzulia izatea.
Bestalde, legedi berria izango da indarrean datozen bi igandetako hitzorduetan. Orain arte 1.000 biztanletik gorako herrietan aurkeztu behar izaten ziren, derrigorrez, zerrenda parekideak. Hauteskunde hauetan, baina, herri txikiek ere bete beharko dute baldintza hori; alegia, zerrendetan emakumeen eta gizonen kopuru bera izatea.
Neurriak eragin handia izan du Ipar Euskal Herrian: 115 udalerrik 1.000 biztanle baino gutxiago dituzte; hau da, Iparraldeko udalen % 70 baino gehiago.
Baiona, Angelu eta Miarritze
Baionak, Angeluk eta Miarritzek osatzen dute Ipar Euskal Herriko eremurik jendetsuena. Hiru udalerri horietan 122.000 lagun inguru bizi dira, eta Ipar Euskal Herrian, guztira, 310.000 lagun inguru. Hots, Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoako biztanleen % 40 hiru udalerri horietan bizi dira.
Baionan (53.000 biztanle) lehia estua aurreikusten da. Etchegaray zentristak beste lau zerrenda izango ditu aurrean, tartean Etcheto sozialista edo Iriart ezkerreko abertzalea. Eskuin-muturra ere Baionan aurkeztuko da. 2014tik da alkatea Etchegaray, eta beste sei urtez luzatu nahi du bere agintea. Ez du argitu, ordea, Euskal Hirigune Elkargoko presidente izateko aurkeztuko den, alkatetza berritzen badu.
Miarritzen (26.000 biztanle), berriz, Maider Arosteguy orain arteko alkateak beste bost hautagai izango ditu aurrean, tartean Serge Blanco errugbi jokalari historikoa. Les Républicains alderdiko hautagaia da Arosteguy, eta, besteak beste, EAJren babesa izango du bere zerrendak, zenbait jeltzale bere baitan hartu ostean.
Azkenik, Angelun (42.000 biztanle) Claude Olive orain arteko alkate errepublikarra da faborito nagusia. Aurrean izango ditu Mahaut Fanchini ekologista buru duen Anglet Ensemble ezkerreko zerrenda eta Eñaut Alfaro buru duen Hemen Angelu. EH Bairen babesa du azken horrek eta “ezkerrekoa, euskalduna, ekologista eta feminista” da.
Abertzaleen xedeak
EH Bai da ezkerreko independentistek Ipar Euskal Herrian duten erreferentzia nagusia. Inoizko emaitzarik onenak lortu zituzten 2020ko udal hauteskundeetan, eta horri esker Ziburu, Urruña, Uztaritze edo Itsasu bezalako alkatetzak eskuratu zituzten, besteak beste. Horrekin batera, beste zenbait udalerritako udal gobernutan izan dira, bertan nagusitu ziren zerrendak babestu ostean.
Urtebete geroago, EH Bai bigarren indarra izan zen Departamenduko hauteskundeetan, eskuina batu zuen Force 64 plataformaren atzetik. 2024ko uztailean, azkenik, EH Baik lehenengoz bidali zuen ezkerreko independentista bat Pariseko Asanblada Nazionalera, Fronte Popular Berriaren baitan. Horrela, Peio Dufauk 60ko hamarkadan diputatu izan zen Mixel Labegerie abertzalearen lekukoa hartu zuen.
Une goxoak bizi izan ditu EH Baik azken urteotan, eta ikusteko dago bolada horri eusteko gai izango den igandean.
EAJ, berriz, bederatzi udalerritan aurkeztuko da edo zerrenda zabalagoak babestuko ditu. Bere hautagai propioak aurkeztuko dituen udalerrien artean Kanbo dago, non Ipar Buru Batzarreko presidente Peio Etxeleku alkategaia izango den.
Donibane Garazin egoera nahasiagoa da. Laurent Inchauspé azken urteotako alkatea EAJra batu zen 2024an. EAJk ospatu egin zuen Euskal Herriko beste hiriburu batek alkate jeltzalea izatea. Alderdiaren iturriek azaldu dutenez, baina, Inchauspék ez du berritu alderdikide izateko apustua, eta EAJk ez du alkategai propiorik izango Nafarroa Beherako hiriburuan.
Bestalde, jeltzaleek alderdikideak sartu dituzte Maider Arosteguyren zerrendan, Miarritzen, edota Jean-François Irigoyenen hautagaitzan, Donibane Lohizunen. Ondorioz, EAJk azken urteotan alkate izan diren errepublikar hauen alde egingo du. Jeltzaleek antzera jokatuko dute Hendaian, eta 2014tik alkatea den Kotte Ezenarro sozialista babestuko dute
Baionan, berriz, jeltzaleek ez dute babestu Etchegarayen zerrenda, eta itxaron beharko da ikusteko noren alde egiten duten bigarren itzulian.
Etxebizitza eta turismoa
Etxebizitzaren inguruko politikak eta turismoaren kudeaketa gai erabakigarriak izango dira udal hauteskunde hauetan. Bidasoaren beste aldean bezala, Iparraldean etxebizitzen prezioak gora eta gora ari dira. Arazo larria bilakatu da etxebizitza.
Lapurdin, bereziki kostaldean baina ez bakarrik, sekulako presioa sumatzen da: bigarren etxebizitzak ugaritu dira, alokairu turistikoak biderkatu, kostaldean erretiroa hartzen duten herritarren eragina gero eta nabarmenagoa da… Horrekin batera, gero eta gehiago dira turismoa gainezka egitetik gertu ikusten dutenak. Saturazioaz hitz egiten da, eta gai honen bueltan ere alderdiak mugitzen hasi dira.
Tokian tokiko gaiek ere garrantzi handia izan dute hauteskunde kanpainan (Miarritzen, Aguilera inguruaren proiektua; Baionan, mugikortasun arazoak…), zenbait lekutan segurtasunaren inguruko eztabaidak indarra hartu du eta euskararen oraina zein geroaz hitz egin da. Osagai horiekin eta alderdien aliantzak eta korrelazioak kontuan hartuta, ikusteko dago nola geratzen diren hauteskundeak.
Elkargoa osatzeko giltzarri
Udaletako hauteskundeak giltzarri dira Euskal Hirigune Elkargoaren ordezkaritza osatzeko. Orain bederatzi urte sortua, Ipar Euskal Herriko udalerriak batzen dituen erakunde propioa da eta bere ordezkaritza, 232 eserleku, hauteskunde hauetan aukeratzen da.
Herri txiki gehienek, 143 herrik, ordezkari bana dute, baina 5.000 biztanletik gorako 14 herriek gutxienez bi eta gehienez 22 ordekari dituzte. Horrela, Kanbok edo Ziburuk, esaterako, bina ordezkari dituzte; Hendaiak, 7; eta Baionak, ordezkari gehien dituen herriak, 22.
Elkargoa sortu zenetik Etchegaray Baionako alkatea izan da EHEko presidentea. Maila sinbolikoan bada ere eta erakundeak eskumen mugatuak dituen arren, Ipar Euskal Herriko ‘lehendakaria’ izan da, nolabait. Ikusi beharko da herriko etxeetako bozek berriz ere aurkezteko aukera ematen dioten.
Horrekin batera, mahai gainean dago Elkargoaren eskumenen inguruko eztabaida. Askok uste dute harago joan behar dela, eta erakunde berri batean alde egiten dute. Lurralde Kolektibitate bat eskatzen dute, eskumen eta baliabide gehiago izango lituzkeena. Beste zenbaitek, aldiz, nahikoak dituela diote eta funtzionatzeko eran jartzen dute arreta. Halaber, badago eskumen gehiegi dituela dioenik. Eztabaida hori ere mahai gainean izan da egunotan eta, emaitzen arabera, aldarrikapenak bide bat edo beste hartuko du.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak eta EHUk 2027-2030rako unibertsitate-plan berriaren oinarriak adostu dituzte
Lehen bilera horretan, Unibertsitate Sistemaren Planean jaso nahi diren bost ardatz nagusiak finkatu dituzte. Datozen hilabeteotan, ekintzak eta azpiegitura egokiak bermatzeko plangintza zehaztuko dituzte.
Euskadik ordezkari bana izango du Unescon eta Munduko Turismo Erakundean
Euskadirentzat aukera da interes berezia duten arloetan (kulturan, hizkuntzan, ondarean, hezkuntzan, zientzian, turismoan eta jasangarritasunean) solaskide izateko eta eragina izateko gaitasuna handitzeko.
Hauteskundeen eraginez ezin dituela presidenteak bildu esan die Espainiako Gobernuak Pradalesi eta Clavijori
Angel Victor Torres Lurralde Politikako ministroak azaldu duenez, "Presidenteen Biltzarrak arau bat du: presidente guztiek egon behar dute, eta ez dira baldintzak betetzen". Izan ere, igande honetan hauteskundeak egingo dituzte Gaztela eta Leonen, eta inbestiduraren zain daude Extremaduran eta Aragoin.
Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Euskadik Unescon eta Turismoaren Mundu Erakundean parte hartzeko akordioa sinatu dute
Estaturik gabeko nazioak diren Flandria, Quebec edo Katalunia bezala, Euskadi Unescoren eta Turismoaren Mundu Erakundearen (UNWTO) kide elkartu izango da aurrerantzean.
Muskizko EAJk alkatearen kontakizun "partziala eta lerratua" salatu du, bentzeno isuriaren egunean
Jeltzaleen arabera, lehendabiziko orduetan "tentsio eta nahasmen uneak" izan ziren, "osasun-agintarien informazio eguneratuaren zain zeuden bitartean".
Eusko Legebiltzarreko talde gehienek bat egin dute euskararen doako irakaskuntza lortzeko bidean
Talde gehienek, PPk eta Voxek izan ezik, euskararen doako irakaskuntza apurka aurrera egitearen alde egin dute. Halere, EH Bildu, EAJ eta PSE ez datoz bat egutegiari dagokionez, eta sektore pribatuan ikaskuntza nola bultzatu behar den ere ez datoz bat.
Pradalesek hamar neurri proposatu dizkio Sanchezi, gerrak enpresetan eta etxeetan eragingo duen kaltea arintzeko
Lehendakariak elektrizitatearen BEZa % 5era jaistea, elektrizitatea sortzeko zerga kentzea eta enpresek ordaintzen dituzten garraioko bidesariak murriztea proposatu du, besteak beste. Iragarri du, gainera, Eusko Jaurlaritzak neurri propioen lehen sorta onartuko duela laster.
Denis Itxaso: "Eneko Goiarekin burua altxatu genuen; orain, zain gaude"
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak Radio Euskadin esan duenez, "udala operazioetako batzuei buruz hausnartzen ari da". Denis Itxasok adierazi du "epeak arindu" behar direla, Donostian ezin delako "gehiago itxaron".
Bi gizon atxilotu dituzte Ione Belarrari mehatxu mezuak bidali eta ziberjazarpena egiteagatik
Ikerketako iturrien arabera, atxilotuetako batek 300 mezu baino gehiago bidali dizkio Instagram bidez Podemosen idazkari nagusiari, mehatxuak eginez eta irainduz.