Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Euskadik Unescon eta Turismoaren Mundu Erakundean parte hartzeko akordioa sinatu dute
Estaturik gabeko nazioak diren Flandria, Quebec edo Katalunia bezala, Euskadi Unescoren eta Turismoaren Mundu Erakundearen (UNWTO) kide elkartu izango da aurrerantzean.
UNESCOren egoitza Parisen. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzak erabakiak hartzen diren nazioarteko foroetan parte hartzeko duen estrategiaren baitan, beste pauso bat eman du Euskadi Unescon eta Turismoaren Mundu Erakundean sartzeko akordioa sinatuta.
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroak ostiralean sinatu dute akordioa Madrilen, 11:30ean hasi den bileran. Ondorioz, Euskadik tokia izango du Nazio Batuen Erakundearen baitako organo diren Unescon eta Turismoaren Mundu Erakundean.
Horrela, Euskadi Unesco eta Turismoaren Mundu Erakundearen (UNWTO) kide izango da aurrerantzean, estaturik gabeko nazioak diren Flandria, Quebec edo Katalunia bezala.
Bileraren atarian, Bengoetxeak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, "pauso garrantzitsua" da Euskadik munduan duen presentziari begira. Horren esanetan, Euskadik "asko du emateko eta irabazteko" bere eskumenak eta berezitasunak aintzat hartuta.