UDAL HAUTESKUNDEAK IPARRALDEAN
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko

Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua, Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Arratsaldeko 17:00etan egingo duten agerraldian emango dituzte akordioaren xehetasunak.
baiona udal hauteskundeak hautagaiak
Imagen: EITB

Aliantza historikoa itxi dute ezkerreko alderdiek Baionan. Jean-Claude Iriart (Baiona Mugimenduan, ezkerreko abertzaleak barne dituen zerrenda)  eta Henri Etcheto (Bayonne tout simplement !) ezkerreko hautagaien zerrendek bat egingo dute, eta elkarrekin aurkeztuko dira datorren igandeko udal hauteskundeetako bigarren itzulira. Igande iluntzetik negoziatzen aritu ondoren, bart lortu dute aliantza ixtea. 

Lapurdiko hiriburuan, Baionan Jean-Rene Etchegarayk (Baiona, funtsezkoa zuek zarete!, zentroa eta eskuina) lortu zuen babes gehien igandeko bozetan, bozen % 42 bereganatuta; haren atzetik geratu ziren Iriart abertzalea, % 21,9kin, eta Etcheto sozialista jakobinoa, % 21,3kin.   

Gaur arratsaldean, 17:00etan, egingo duten agerraldian emango dituzte aliantzaren xehetasunak. Orain arte zabaldutako informazioaren arabea, Iriart izango da auzapezgaia, eta lehen itzuliko emaitzen araberako zerrenda kideen banaketa proportzionala egingo dute. 

Aurreko bi bozetan, 2014an eta 2020an, ez zuen emaitzarik eman ezkerreko taldeen arteko elkarlanak, baina, oraingoan, militanteen oniritziarekin adostu dute akordioa. Helburua da azken 12 urtetan Baionako auzapeza den Etchegaray kargutik kentzea. 

Gauzak horrela, hiru hautagai izango dira lehian datorren igandean Baionan: Etchegaray zentrista, Iriarte ezkertiarra eta Pascal Lesellier ultraeskuindarra. 

Orotara, 11 udalerri joango dira bigarren itzulira.  Kanbon, Donibane Lohizunen, Hendaian, Urruñan, Maulen, Bokalen, Beskoitzen eta Azkainen ez da aliantzarik egongo, eta zerrenda bakoitzak bere bidea egingo du. Biarritzen negoziatzen ari dira, eta baliteke, han ere, ezkerreko zerrenden arteko itun bat egotea. Gaur 18:00ak arteko epea dute erabakitzeko. 

Joan den igandean egin zen udal bozen lehen itzulia Ipar Euskal Herriko 158 udalerritan, eta horietatik 147tan erabakita geratu zen datozen sei urteotako udal osaketa. 

 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X