Udal hauteskundeen bigarren itzulia dute bihar Ipar Euskal Herriko 11 herritan, eta lehia estua espero da batzuetan
Baionan eta Biarritzen aliantzak lortu dituzte aste honetan bigarren itzulirako txartela lortu duten zerrendetako batzuek. Kanbon, Donibane Lohizunen, Hendaian, Urruñan, Maulen, Bokalen, Beskoitzen eta Azkainen, ordea, ez dute adostasunik lortu, eta hautagaitza bakoitzak bere bidea egingo du.
Baionako boto-paperak, lehen itzulian. Argazkia: EITB
Astebeteko epean bigarrenez, Ipar Euskal Herriko 11 herritan udal hauteskundeak dituzte bihar, igandearekin. Lehen itzulian botoen % 10eko langa igaro zuten zerrendak bigarren itzulian arituko dira nor baino nor gehiago Lapurdiko 10 herritan (Baiona, Biarritz, Kanbo, Donibane Lohizune, Hendaia, Urruña, Bokale, Beskoitze, Azkaine eta Arbona) eta Zuberoako hiriburuan. Lehia estua iragarri dute batzuetan. Hona nola dagoen egoera:
BAIONA
Azken 12 urteotan auzapez izan den Jean-Rene Etchegaray zentrista izan zen garaile lehen itzulian, botoen % 42 eskuratuta. Euskal Hirigune Elkargoaren presidente ere badenak bigarren honetan erraz izango zuela zirudien, baina asteartean akordioa iragarri zuen ezkerrak. J.C. Iriart auzapezgai dela, Elgarrekin Baionarentzat izenpean aurkeztuko dira lehen itzulian ia emaitza bertsuak (botoen % 21 pasatxo) eskuratu zituzten ezkerreko bi zerrenda bozkatuenak (EH Bairen baitako Iriarten hautagaitza eta Etcheto sozialista jakobinoarena) Eskuin muturra izango dute lehiakide bi zerrendok, Pascal Lessellierrek botoen % 10,7 lortu baitzituen lehen itzulian.
BIARRITZ
Lapurdiko kostaldeko udalerrian, bat ez, bi aliantza itxi dituzte asteon. Batetik, ezkerren artekoa: lehen bueltan hirugarren geratu zen Ana Ezcurraren (Biarritz Berri) zerrenda eta bosgarren indar izan zen Guillaume Baruckena elkartu egin dira. Bestetik, martxoaren 15ean garaile izan zen Serge Blanco (Nire taldea Biarritz da!) errugbilari ohia laugarren izan zen Jean-Baptiste Dussaussois-Larralde zentristarekin batu da. Maider Arosteguy (Bizi Biarritz elkarrekin) orain arteko auzapezak, berriz, bere aldetik jarraituko du lasterketan.
KANBO
Aurreko bi herrietan ez bezala, Kanbon ez da aliantzarik adostu, eta hiru zerrenda izango dira norgehiagokan: lehen itzulian irabazle izan zen Peio Etxeleku (Kanbo Elkartu) jeltzalea, Christian Deveze orain arteko auzapez eskuindarra eta Argitxu Hiriart-Urruty abertzalea. Marieneko etxebizitza proiektuak aurrez aurre jarri ditu Etxeleku eta Deveze (auzapezaren zerrendan zegoen lehen jeltzalea), eta Hiriart-Urruty bera ere proiektuaren kontra dago.
DONIBANE LOHIZUNE
Hemen ere hiru zerrenden arteko lehia izango da, baina aurreikuspenen arabera, orain arte auzapez izan den Jean-Francois Irigoyen eskuindarrak ditu nagusitzeko aukera gehien (botoen % 47,34 erdietsi zituen lehen itzulian). Dena dela, bigarren geratu zen Manuel de Lara zentrista eta hirugarren izan zen Pascal Lafitte abertzalea aurre egiteko prest azaldu dira.
HENDAIA
Hiru hautagairen arteko lehia izango dute Lapurdiko bosgarren herri populatuenean. Laugarren agintaldia lortzeko asmotan izango da Kotte Ecenarro orain arteko auzapez sozialista, baina aurrez aurre izango ditu Laetitia Navarron buru duen zerrenda abertzalea (10 puntura geratu zen lehen itzulian) eta eskuinetik, Tristan Proteauren hautagaitza. Kinieletan, baina, Ecenarro da nagusi.
URRUÑA
Lehia gogorra espero da martxoaren 15ean lehen bi postuetan sailkatu ziren bi zerrenden artean. Puntu bakarreko aldearekin, Sebastien Etchebarne oposizioburua orain arte auzapeza izandako Filipe Aramendi abertzaleari gailendu zitzaion, eta bigarrenean, hortxe espero da bataila handiena. Martine Mignot eskuindarra izango dute aurkari.
BOKALE
Lehen itzulian aritu ziren ezkerreko lau zerrendak igaro dira bigarrenera, emaitza paretsuak erdietsita gainera. Dena dela, emozioz beteriko lehia espero da. Izan ere, auzapeza izan den Francis Gonzales hirugarren geratu zen, eta Mathieu Horn gailendu zen. Guy Boulanger (2. bozkatuena) eta Helene Etchenique (4.a) izango dituzte aurrez aurre.
BESKOITZE
Ezuste gutxiago espero dira Lapurdiko ipar-ekialdeko udalerrian. Lehen itzulian lehiatutako hiru zerrendek eskuratu zuten bigarrenerako txartela, baina Pascal Jocou egungo auzapezak ditu aukera gehien, beste bi lehiakideen (Catherine Errecart eta Theo Salomon abertzalea) emaitzak ia bikoiztu baitzituen.
AZKAINE
Sorpresarik ez da espero Azkainen, eta lehen itzuliko indar banaketa errepikatuko ei da. Hala, litekeena da Benedicte Luberriaga zentrista gailentzea, Elorri Manterola ezkertiar abertzaleari eta Jean-Louis Laducheri aurrea hartuta.
ARBONA
Biren artekoa izango da hemen norgehiagoka, eta, itxuraz, estua. Guillaume Fourquet gailendu zen lehen itzulian, baina 30 boto eskasera geratu zen Beñat Arlaren zerrenda. Marie-Jose Mialocq orain arteko auzapezak ere bigarren itzulirako txartela lortu zuen, baina lehiatik erretiratzea erabaki du asteon.
MAULE
Hiru zerrenda arituko dira nor baino nor gehiago Zuberoako hiriburuan. Louis Labadot egungo auzapez komunistarenak ditu nagusitzeko aukera gehien, eta Beñat Elkegaray abertzalea eta Armanda Accoce izango ditu aurkari.
Bigarren itzuliko emaitzek Euskal Hirigune Elkargoko presidentetza nork hartuko duen argituko dute, ziurrena. Izan ere, Baionako zein Kanboko udal hauteskundeetan nagusi denak (Etchegaray, Iriart edo Etxeleku) aukerak izan ditzake hori ere eskuratzeko.
Frantziako Estatuan, Paris izango da arreta-gune nagusietako bat. Izan ere, inkestek berdinketa aurreikusi dute Emmanuel Gregoire hautagai sozialistaren eta Rachida Dati ministro ohi kontserbadoaren artean.
Zure interesekoa izan daiteke
Lehendakariaren dekalogoa energia krisiari aurre egiteko neurrien artean jaso izana ondo hartu du Eusko Jaurlaritzak
Familiek eta euskal industriak faktura elektrikoa murrizteko lagungarria izango dela uste du Jaurlaritzak, baina faltan botatzen du azken urte honetan shock bikoitza (muga-zergek eta erregaien garestitzeak eragindakoa) jasan duten industria-enpresentzat neurriak hartzea.
EAJ "pozik" dago krisiaren aurkako neurriekin, baina "ez da nahikoa", EH Bilduren ustez
Jeltzaleen arabera, neurri horiek "elektrizitatearen eta erregaien azken prezioa familientzat eta autonomoentzat eskuragarriagoa izaten lagunduko dute". Koalizio abertzaleak positibotzat jo du Sanchezi helarazitako hiru proposamen jaso izana, baina neurriek energia eta petrolio enpresa handien irabaziak handituko dituztela kritikatu du. Bestalde, PPk ez du bere babesa ziurtatu, eta Podemosek esan du krisiaren aurkako plana ez dela eraginkorra.
Espainiako Gobernuak elektrizitatearen, gasaren, gasolinaren eta gasolioaren BEZa % 10era jaitsi du
Ezohiko Ministroen Kontseiluak Ekialde Hurbileko gerraren ondorioak arintzeko lehen neurri sorta bat onartu du gaur. Neurri horiek 5.000 milioi euro mobilizatuko dituzte. Sanchezen arabera, "ez du eragotziko legez kanpoko gerra honen ondorioak Espainiara iristea, baina bai eramangarriagoak izatea".
Apirileko itzalaldi elektrikoa "hainbat faktorek" eragin zuten, Europako adituen arabera
Txostenak ondorioztatu du "oso azkar hedatu" zela Espainiako hegoaldean izandako "arazo lokal bat". Horrek gaintentsioagatiko deskonexio orokorrak eragin zituen, eta, azkenik, sistema iberikoa Europako gainerako lurraldeetatik bereizi zen.
PSOEk eta Sumarrek bi dekretu adostu dituzte, krisiari aurre egiteko neurriak eta etxebizitzaren ingurukoak jasotzeko
Irango gerraren ondorioak leuntzeko lege dekretua onartzeko Ministroen Kontseilua bi ordu pasako atzerapenarekin hasi da, Sumarreko kideek uko egin baitiote bileran sartzeari alokairuko kontratuen luzapena eta enpresen marjinak kontrolatzeko neurriak kanpoan uzten ziren bitartean. Azkenik, gobernukideak akordio batera iritsi dira.
Euskadik, Gaztela-Mantxak eta Kanariek bitartekotza independentea proposatu diote Osasun ministroari, greba medikoa desblokeatzeko
Euskadiko, Gaztela-Mantxako eta Kanarietako osasun-arduradunek gutun bat bidali diote Monica Garcia Osasun ministroari. Bertan, Pazienteen Erakundeen Plataformaren bitartekaritza independentea proposatu dute, greba-batzordearen eta Ministerioaren arteko elkarrizketa errazteko eta greba desblokeatzeko.
Ministroen Kontseiluak neurri ekonomikoak adostuko ditu gaur, Ekialde Hurbileko gerraren eragina arintzeko
Lege-dekretua datorren ostegunean onartu beharko dute Kongresuan. Lau arlotan egituratutako plan zehatza jarriko dute mahai gainean: egiturazko neurriak, zerga-paketea, sektore kaltetuentzako berariazko laguntzak eta pertsona zaurgarrientzako laguntzak biltzen dituena.
Sanchezek aurrekontuen aurkezpena baztertu du uneotan, gerrari erantzuteko
Ez du baztertu aurrekontuak aurrerago aurkeztea, horietan lan egingo dutela adierazi baitu, baina argi utzi du ez dela hilabete honetan izango, "politika, bizitza bezala, ez delako aurreikusi daitezkeen planen araberakoa", eta inork ez zuelako Ekialde Hurbileko gerra aurreikusten.
Rufian eta Montero elkarrekin, ezkerraren etorkizunari buruzko ekitaldi publiko batean
Ezkerreko alderdiek ongietorria eman diote apirilaren 9an Bartzelonan izango den ekimenari. Sumarrek eta PSOEk begi onez ikusten dituzte ezkerreko fronte bat eraikitzen lagunduko duten ekintzak eta elkarrizketak.