DIPUTATUEN KONGRESUA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Autonomo txikiak BEZetik salbuestea da Juntsek jarri duen baldintza, krisiaren aurkako dekretua babesteko

Miriam Nogueras Juntsek Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile aurreratu du krisiaren aurkako dekretuaren alde bozkatuko dutela, baldin eta PSOEk neurrien artean sartzen badu 80.000 euro baino gutxiago fakturatzen duten autonomoek BEZ zerga ez ordaintzea.

miriam nogueras
Diputatuen Kongresuko Juntsen bozeramaile Miriam Nogueras, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Ekialde Hurbilean lehertutako gerraren ondorioei aurre egiteko Espainiako Gobernuak onartutako neurri sorta —80 neurri inguru biltzen ditu— joan den igandean sartu zen indarrean, bezperan Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Nolanahi ere,  datorren ostegunean Diputatuen Kongresuak onartu beharko du, eta, oraingoz, dekretuak aurrera egiteko behar adina babes ez du bermatuta PSOEk. 

Juntsek baldintza bat jarri du, krisiaren aurkako dekretuari baiezkoa emateko: 80.000 euro baino gutxiago fakturatzen duten autonomoak BEZ zerga ordaintzetik salbuestea. PSOEk neurri hori sartuko balu dekretuan, Juntsek babestu egingo luke. Hala jakinarazi du Miriam Nogueras Juntsek Kongresuan duen diputatuak.

Diputatu kataluniarrak azaldu du Europako zuzentarau batean jasota dagoela autonomo txikiak BEZ zerga ez ordaintzea, eta "Espainia da zuzentaraua betetzen ari ez den Europar Batasuneko herrialde bakarra". Haren hitzetan, Junts "aspalditik" ari da hori eskatzen, eta Espainiako Gobernuari egotzi dio orain zortzi urte baino "% 57 gehiago biltzea" autonomo txikiei ezarritako zergekin. 

Noguerasen arabera, Espainiako Gobernuak aurkeztutako dekretuan Juntsek mahai gainean jarritako “neurri asko” daude jasota. 

Bestalde, etxebizitzaren inguruko dekretua —oraindik ez dago ezarrita hura onartzeko data— onartuko duten galdetuta, ezetz erantzun du, ez behintzat "oraingo baldintzetan". "Argi dago Podemosen, Sumarren eta PSOEren azken hiru urteotako politikek etxebizitza eskaintza murriztea eta prezioak esponentzialki igotzea ekarri dutela", erantsi du.

Zure interesekoa izan daiteke

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre 'Anbotori' espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrek beste edozein presoren tratamendu bera jaso du, eta ez da inolako neurri diskrezionalik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragin ahal izan dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek birgizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X