Abortua Konstituzioan blindatzea onartu du Ministroen Kontseiluak, "dinamika atzerakoien aurrean"
Konstituzioaren erreforma honek hiru bosteneko gehiengoa behar du Kongresuan eta Senatuan, eta, beraz, gobernukideak oposizioko alderdiekin adostasunera iristen saiatu beharko dira.
Ana Redondo eta Elma Saiz ministroak, Ministroen Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan. Argazkia: EFE.
Ministroen Kontseiluak astearte honetan onartu du, bigarren saiakeran, Espainiako Konstituzioaren 43. artikulua aldatzeko proiektua, haurdunaldia eteteko eskubidea blindatu ahal izateko. Erreforma Parlamentuko bi ganberetan onartu beharko da orain, gehiengo oso zabalarekin, eta, beraz, oposizioko alderdien babesa beharko du.
Estatuko Gobernuaren bozeramaile Elma Saizek esan du proiektuaren helburua emakumeen autodeterminaziorako eskubidearen onarpen sozial eta juridikoan aurrera egitea dela, "lekua egin nahian dabiltzan dinamika atzerakoien aurrean".
Testua Berdintasun Ministerioak bultzatu du. Ana Redondo ministroak prentsaurrekoan azaldu duenez, Estatu Kontseiluak ontzat eman du, "erabat konstituzionala" dela adieraziz. Proposamenak Konstituzioko 43. artikuluari 4. puntua gehitu nahi dio, esaldi honekin: "Botere publikoek bermatu egingo dute emakumeek haurdunaldia borondatez eteteko duten eskubidea, beharrezkoak diren prestazio eta zerbitzu guztiekin, berdintasun erreal eta eraginkorreko baldintzetan".
Redondok azaldu duenez, Gobernuak osasun-zerbitzu publikoaren bidez haurdunaldia borondatez eteteko "eskubidea blindatu" nahi du, eta, Estatu osoan, "haurdunaldia osasun-baldintza egokietan gauzatuko dela bermatzeko betebeharra indartu".
Ministroak gogorarazi duenez, gaur egun, abortatzeko praktiken % 79 zentro pribatuetan egiten dira, eta % 20, osasun-etxe publikoetan. Madrilgo eta Andaluziako autonomia-erkidegoak aipatu ditu berariaz, eta horietan abortuen % 1 osasun publikoan egiten direla kritikatu du. Kontrara, Kantabrian eta Galizian, % 60 egiten dira ospitale publikoetan.
Parlamentuko tramitazioa
Konstituzioaren erreformak hiru bosteneko gehiengoa behar du, bai Kongresuan, bai Senatuan. Alegia, oposizioko alderdiekin ados jarri beharko lukete gobernukideek.
Desadostasuna egonez gero, Kongresuaren eta Senatuaren arteko Batzorde Misto bat sortu beharko litzateke. Horrek testu berri bat proposatuko luke eta beste bozketa bat egingo litzateke. Orduan ere lortuko ez balitz, erreforma onartu liteke, botoen bi hereneko gehiengoz Kongresuan, eta gehiengo osoz, Senatuan.
Redondo ministroak onartu du tramitazio parlamentarioa "konplexua" izango dela, baina "akordiorako gaitasuna" duela azpimarratu du eta Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Ituna gogora ekarri du (Vox ez, beste alderdi guztien onarpenarekin egin zuen aurrera).
Ministroaren iritziz, Alderdi Popularrak "noren alde diharduen hausnartu beharko du: ideia baten edo emakumeen alde, bere boto-emaileen alde; azken finean, emakumeen eskubideak hobetzearen eta bermatzearen alde diharduen". Halaber, "erantzukizun partekatuaren" alde egin du, "herritarren arazoak konpontzen ez dituzten eta emakume asko ataka gaiztoan uzten dituzten erakarpen ideologikoak" alde batera uzteko eskatu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik