Peinado epaileak Begoña Gomez epaitzea erabaki du, eta pasaportea kendu dio
Espainiako Gobernuko presidentearen emazteak ustez egindako delituak ikertzen ari da epailea, eta ahozko epaiketa abiatu aurretik hartu ditu kautelazko neurriak. Halaber, Espainiatik ateratzea debekatu dio, eta hamabostean behin epaitegian agertu beharko du. Defentsaren abokatuak helegitea jarriko du.
Begoña Gomez, Pedro Sanchezekin. Argazkia: EFE
Juan Carlos Peinado epaileak Begoña Gomez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen emaztea, epaitzea erabaki du, eta kautelazko neurriak ezarri dizkio: pasaportea kendu dio, Espainiatik ateratzea debekatu dio eta hamabostean behin epaitegian agertzeko agindua eman dio.
Gomezek dagoeneko iragarri du bere aurkako kautelazko neurrien aurrean helegitea jarriko duela; bera epaitzeko erabakia, ordea, ezingo du errekurritu.
Magistratuak 84 orrialdeko auto bat argitaratu du gaur, ekainak 20, astelehenean aurretiazko entzunaldia egin eta gero. Saio hartan Hazte Oir erakundeak gidatutako herri-akusazioek kautelazko neurriak eskatu zituzten ihes egiteko arriskua zegoela esanez, eta epaileak aintzat hartu du haien eskaria.
Horrela, Peinadok entzungor egin dio Fiskaltzaren irizpideari, kasu honetan kautelazko neurriak ezartzearen aurkakoa baita, bai eta defentsen irizpideari ere, Ministerio Publikoak bezala uste baitute ez dagoela arrazoirik auziarekin jarraitzeko, ez lehen eta ez orain, eta hala esan zioten astelehenean epaileari.
Zehazki, Peinadok eragimen-trafikoa, partikularren arteko sektore pribatuko negozioetan ustelkeria sustatzea, bidegabeko jabetzea eta ondasun publikoak bidegabe erabiltzea leporatzen dio Gomezi.
Gomezen aurkako kautelazko neurriak hartzea justifikatzeko orduan, Peinadok esan du orain arteko eginbideetatik ondorioztatzen dela "delitu egitate baten kriminalitate zantzu arrazionalak" daudela.
Gaineratu duenez, "zigorra zenbat eta astunagoa izan, orduan eta handiagoa izan daiteke ihes egiteko tentazioa, eta are handiagoa, ihesa gauzatuz gero, justiziaren ekintza babesteko helburuak jasango lukeen kaltea".
Epailearen arabera, Begoña Gomezen bizkartzain-taldea osatzen duten segurtasun indar eta kidegoetako agenteek lagundu egin dezakete akusatuaren "ihesa" errazteko egin daitezkeen "ekintzetan".
Halaber, horren aholkulari Cristina Alvarezentzat ere kautelazko neurri berberak ezarri ditu, eta hura ere epaituko du, delitu berberak egotzita.
Gainera, Juan Carlos Barrabes enpresaburua ere epaituko du, partikularren arteko sektore pribatuko negozioetan eragimen-trafikoa eta ustelkeria egotzita.
"Eskandalu demokratikoa" da, PSOEren ustez
PSOEren ustez, "eskandalu demokratikoa" da Begoña Gomezi ahozko epaiketa irekitzea, eta #YoConBegoña traola sustatu du. Gomez "errugabea" dela defendatu du PSOEk, eta salatu duenez, "batzuk kondena publiko bat eraikitzen saiatu dira, frogarik egon gabe".
Hartutako kautelazko neurriak "zentzugabeak, neurrigabeak eta justifikaezinak" direla uste dute, "bi urteko ikerketan ez baita deliturik egiaztatu duen frogarik agertu".
Peinado epailearen autoaren berri izan orduko, Felix Bolaños Presidentzia eta Justizia ministroak galdera bat egin du: "Nork konponduko du egindako kaltea?".
Moncloak adierazi duenez, Juan Carlos Peinado epaileak Begoña Gomezi ahozko epaiketa irekitzeko hartu duen erabakiak berretsi egiten du "zentzu juridikorik ez duen eta arrazoi politikoak soilik kontuan hartzen dituen" instrukzioa egin duen magistratu baten "jazarpena, obsesioa eta neurrigabetasuna".
PSOEko ministro ugari atera dira epailearen autoa arbuiatzera. Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroak "lotsagabekeriatzat" jo du Juan Carlos Peinado epailearen autoa.
Milagros Tolon Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol ministroak eta Pilar Alegria haren aurrekoak gogor kritikatu dute magistratuaren erabakia. "Nahikoa da justifikaziorik gabeko jazarpen horrekin", idatzi du Tolonek sare sozialetan. Peinado epailearen ebazpena "igandeko azaletarako garaiz" iritsi dela kritikatu du Alegriak. "Narrasa da, baina horrekin doaz", esan du.
Diana Morant Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate ministroak Begoña Gomezen aurkako "jazarpen justifikaezina" salatu du. "Muga guztiak gurutzatzen ari dira", idatzi du X sare sozialean.
Elma Saiz 2023tik Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministro eta Gobernuaren bozeramaileak esan du Begoña Gomez "sendotasunaren eta duintasunaren eredu" dela, eta "amaierarik ez duen higadura kanpaina baten aurrean" dagoela. "Justiziak eta sen onak irabaziko dute azkenean", gaineratu du.
Oscar Lopez Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako ministroak "obsesioa, ankerkeria eta bermerik eza" salatu ditu Gomezen aurkako prozesuan. "Horrela ez da Zuzenbide Estatua defendatzen, higatu egiten da", adierazi du ministroak sare sozialetan, epailearen ebazpenaren berri izan ostean.
Erabaki "zitala", "lotsagarria" eta "izugarria" Podemosentzat
Pablo Fernandez Podemoseko Antolakuntza idazkari eta bozeramaileak "prebarikazioaren muga guztiak" gainditu izana leporatu dio Juan Carlos Peinado epaileari, Begoña Gomez Espainiako Gobernuko presidentearen emaztea auzitara bidali eta pasaportea kentzeko erabakia hartu ostean.
"Peinado epaileak karrera judizialean jarraitzeak erakusten du nola dagoen Justizia Espainian. Lotsagarria eta lotsagabea da. Senetik aterata dagoen eta prebarikazioaren muga guztiak inpunitate osoz gainditzen ari den gizona da", idatzi du Podemoseko buruzagiak X sare sozialean duen kontuan. Gainera, larunbat honetan hartutako erabakia "zitala", "lotsagarria" eta "izugarria" dela esan du.
Moncloa "gaizkileen gordelekua" dela esan du Telladok (PP)
Miguel Tellado PPko idazkari nagusiaren esanetan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak "gaizkileen gordeleku bihurtu du Moncloa". "Egunik ez dago horren eskandalurik gabe", idatzi du X sarean Peinadoren erabakiaren berri izan eta gero. "Errenditu zaitezte eta lagun iezaiozue justiziari. Hauteskundeak orain", erantsi du.
Agenteei buruzko susmoen aurkako erreakzioak
Estatuko Segurtasun Kidegoetako agenteei buruz Peinado epaileak esandakoek ere erreakzioak eragin dituzte.
Moncloako iturrien arabera, Peinado epaileak Polizia Nazionala akusatu eta agenteek ustezko ihesaldi batean lagun dezaketela esateak agerian uzten du, beste adibide batzuekin batera, nola erori den magistratua "zentzugabekerian".
Jupol polizia-sindikatuak ukatu egin du Gobernuko Presidentetzari lotutako segurtasun-agenteek Begoña Gomezen balizko ihesaldi batean lagunduko luketela, eta hori iradokitze hutsa "astakeria" dela esan du.
Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Jupolek defendatu du Presidentetzako eskolta osatzen duten profesionalek "legeak esleitzen dizkien funtzioak betetzen dituztela soilik: euren kargu dauden agintarien babesa eta segurtasuna bermatzea, une oro profesionaltasun osoz, neutraltasunez eta indarrean dagoen legedia eta ebazpen judizialak zorrotz betez".
Sindikatuak adierazpen horiek zuzentzeko eskatu dio epaileari, "legearen eta erakundeen errespetua ardatz duten zerbitzari publikoen gainean bidegabeko susmoa zabaltzen dutelako".
Bestalde, Poliziaren Sindikatu Bateratuak (SUP) azpimarratu du "bereziki kezkagarria" dela Peinadok agenteen jokabideari buruz egindako hipotesia. "Polizia nazionalek ez dute legez kanpo jarduten, eta ez daude behartuta argiki legez kanpokoak diren aginduak betetzera".
Sindikatuaren arabera, Polizia Nazionalaren prestigioa "gizarteak bere profesionalengan jartzen duen konfiantzan oinarritzen da", eta "hori ezin da higatu milaka agentek egunero ematen duten zerbitzuaren errealitatearekin bateraezinak diren eta haiengan susmo itzala proiektatzen duten baieztapen generikoekin, jokabide zehatzak indibidualizatu gabe eta zantzu zehatzetan oinarritu gabe gainera".
Komunikatuan, SUPek babesa helarazi die babes-unitateak osatzen dituzten agente guztiei, eta "bizkartzainen unitateak osatzen dituzten polizia nazionalen profesionaltasuna, osotasuna, leialtasun instituzionala edo legezkotasuna zalantzan jar dezakeen edozein adierazpen erabat arbuiatzen" duela adierazi du.
Espainiako Poliziaren Konfederazioak (CEP) Peinado epailearen kontrako diziplina-neurriak eskatu ditu autoan jasotako "baieztapen larriak" berehala zuzentzen ez baditu. Ohar batean adierazi duenez, hipotesi hori formulatze hutsa "milaka polizia nazionalen ohorearen aurkako eraso onartezina, justifikaziorik gabea eta guztiz iraingarria" da.
"Polizia nazionalak ez gara inongo gobernuren, ezein alderdi politikoren edo pertsona zehatzen zerbitzura dagoen guardia pretoriar bat", azpimarratu du, eta "miserablea" iruditu zaio erabaki prozesal jakin bat justifikatzeko agertoki "guztiz espekulatibo bat" eraikitzea, zerbitzari publikoen desleialtasun hipotetiko bat oinarri hartuta.
Zure interesekoa izan daiteke
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.
Ceutan sartu ziren 72.000 pertsonetatik 70.000 Marokora itzuli direla ziurtatu du Marlaskak
Migrazio-krisi honetan hiri autonomora iritsi diren adingabeei premiazko arreta emateko, Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko partida gehigarri bat bideratuko du Ceutara.
Zapaterok errekurritu egin du haren kontuak eta haren gertukoenak ikertzeko epaileak emandako agindua
Espainiako Gobernuko presidente ohiaren defentsak ohartarazi duenez, banku-kontuak ikertzeko baimen "orokor" batek "ikerketa prospektibo" bati bide eman diezaioke.
Espainiako inteligentzia zerbitzuek ez zuten Ceutako krisiaz ohartarazi, Gobernuaren arabera
Elma Sainz bozeramaileak adierazi du CNIk ez zuela horren gaineko txostenik egin.
Etxebarriak defendatu du Gasteizko Udala izan zela diskoteketako atezainen legea indartzeko eskatzen aurrena
Kerman Villate gaztearen gurasoek egindako adierazpenen ondoren, Maider Etxeberria Gasteizko alkateak ez du barne ikerketaren inguruan ezer esan. Soilik esan du Udalak "berehala" erantzun zuela, Eusko Jaurlaritzari diskoteketako segurtasun-langileen gaineko araudia indartzeko eskatuz, eta heriotza ez zela "inoiz gertatu behar izan" gaineratu du.
Hondartzetan mobilizazioa egin dute atzera ere Sarek eta Etxeratek, ETAko preso guztiak etxera itzultzea aldarrikatzeko
Ehunka pertsona bildu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hareatzetan, oraindik ere erregimen itxian dauden presoei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatzeko.
"Muga zabalik", "Haraga Ceuta": horrela hauspotu zuten sare sozialek Ceutako sarrera masiboa
Sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten milaka gazte Ceutan sartzera animatzeko orduan.