HAUTESKUNDE OROKORRAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

1.824.886 pertsonak bozkatu ahalko dute EAEn hauteskunde orokorretan, 70.571k lehen aldiz

Euskadin, Bizkaiak izango du hautesle kopuru handiena (959.702), eta Gipuzkoa (597.859) eta Araba (267.325) daude ondoren.

Elecciones europeas_monja votando

Moja bat, Europako aurreko hauteskundeetan botoa ematen. Argazkia: EITB

Guztira 1.824.886 pertsonak bozkatu ahalko dute Euskadin azaroaren 29ko hauteskunde orokorretan, eta horietatik 70.571k lehen aldiz izango dute botoa emateko eskubidea, aurreko hauteskunde orokorretatik, 2023ko uztailaren 23tik, 18 urte bete baitituzte, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) argitaratutako datuen arabera.

Hautesle horietako 1.728.228 Euskadin bizi dira, eta 96.658, berriz, atzerrian. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian 959.702 pertsona dira botoa emateko eskubidea dutenak, Gipuzkoan 597.859 eta Araban 267.325.

Bizkaian daude boto-emaile gehien

Bizkaian, lurraldean bizi diren 909.301 pertsonak eta atzerrian bizi diren 50.401ek eman ahalko dute botoa. Gipuzkoan, 561.932 hautesle bizi dira lurraldean eta 35.927 Espainiatik kanpo bizi dira. Araban, 256.995 pertsona bizi dira lurraldean eta 10.330 atzerrian.

Hauteskunde orokorretan lehen aldiz botoa eman dezaketen 70.571 pertsonetatik, 35.505 Bizkaian daude erroldatuta, 24.516 Gipuzkoan eta 10.550 Araban.

52.000 hautesle berri 2024ko Europako hauteskundeetatik

2024ko ekaineko Europako hauteskundeak egin zirenetik, 52.544 pertsona sartu dira Euskadiko hautesle-erroldan, adin nagusikoak baitira orain. Horietatik 26.335 Bizkaikoak dira, 18.274 Gipuzkoakoak eta 7.935 Arabakoak.

Espainia osoan, 38.728.356 pertsonak bozkatu ahalko dute azaroaren 29ko hauteskunde orokorretan. Horietatik 35.958.711 Espainian bizi dira eta 2.769.645 atzerrian.

Espainian bizi diren hautesleen artean, 1.615.127k lehen aldiz parte hartu ahalko dute hauteskunde orokorretan, 18 urte bete baitituzte 2023ko uztailaren 23ko hauteskundeetatik.

Errolda-txartelak azaroaren 2tik aurrera bidaliko dira, eta horien bidez jakingo dute hautesleek zein hauteslekutan eta zein mahaitan eman ahalko duten botoa.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X