HAUTESKUNDE OROKORRAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hurtadok Eusko Jaurlaritza utzi eta Kongresurako PSEren Arabako zerrendaburua izango da

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak kargua utzi egin beharko du hauteskunde orokorretan diputatu hautatzen badute, bi karguak bateraezinak baitira.

Javier Hurtado
Javier Hurtado. Argazkia: EITB

Javier Hurtado izango da Diputatuen Kongresurako PSE-EEren Arabako hautagaia, EITBk jakin duenaren arabera. Gaur egun, Arabako sozialisten idazkari nagusia eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua da.

Hurtado Zuzenbidean eta Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziaduna da, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan ikasia. Gainera, Sciences Po nazioarteko programa egin du Parisko Ikasketa Politikoen Institutuan, eta Praxedes Ochoa praktika juridikoko eskolan ere ikasi du, Arabako Abokatuen Elkargoan.

Eusko Jaurlaritzan sartu aurretik, Arabako Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko foru diputatua izan zen 2019 eta 2020 artean. Aurretik, 2013tik 2019ra, abokatu gisa jardun zuen.

2009 eta 2011 artean, Sustapen Ministerioko Kabinetearen zuzendari nagusi izan zen, eta, aldi horretan, Estatuko Portuen Kontseilu Errektoreko eta ADIFen Administrazio Kontseiluko kide ere izan zen.

Diputatu hautatzen badute, sailburu izateari utzi beharko dio

Kongresuko diputatu hautatzen badute, Javier Hurtadok Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo saila kargua utzi egin beharko du, bi karguak bateraezinak baitira. Horrenbestez, Imanol Pradales lehendakariak beste norbait izendatu beharko du sailburu.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X