Hauteskundeak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Biloben legearen galarazpenagatik bozkatzeko aukera galdu duten pertsonek hiru bide dituzte boto eskubidea berreskuratzeko

Kontsulatura jotzea, Auzitegi Gorenean inpugnazioa aurkeztea eta Auzitegi Konstituzionalean errekurtsoa jartzea dira aukerak. Erreklamazioak aurkezteko epea hilaren 23an amaituko da, eta egun horretatik aurrera errolda aldaezina izango da.

Auzitegi Gorenak atzo erabaki zuen biloben legearen bidez herritartasuna lortu zutenek ezingo dutela bozkatu azaroaren 29ko hauteskundeetan. Guztira, 163.020 pertsonari eragiten die ebazpenak, baina badute oraindik boto eskubidea berreskuratzeko itxaropena, horretarako zabalik dituzten hiru bideetako bat aukeratuz gero.

Atzerrian modu iraunkorrean bizi diren pertsonak sartzen dira talde horretan. Batzuek Espainiako herritartasuna lortu ahal izan dute 36ko gerraren ondoren, "arrazoi politikoengatik, ideologikoengatik, sinesmenengatik, sexu orientazioagatik edo sexu identitateagatik" erbesteratu behar izan zutenen seme-alabak edo bilobak direlako.

Guztira, 96.895 eskaera geratu dira hautesle erroldatik kanpo, CERA barruan ez zeudelako, eta errolda abuztuaren 1ean itxi zutelako. Kanpoan geratu dira, halaber, ebazpenik gabe dauden 304.272 herritartasun eskaera, biloben legea tarteko herritartasuna lortu zuten eta CERA barruan dauden pertsonak izanda ere.

Loreg legea aintzat hartuta, azaroaren 29ko hauteskundeetarako errolda urriaren 12an argitaratu zen, baina badago erreklamazioak aurkezteko epe bat, eta urriaren 23an amaituko da epe hori. Ordutik aurrera, errolda ezingo da aldatu.

Bozkatzeko eskubidea galdu dutenek, hiru bide dituzte zabalik

Bide kontsularra

Gorenak zehaztu du ez duela boto eskubidea ukatuko kontsulatuetako arduradunek ziurtzat jotzen dutenean "beren ardurapean eta zegozkien agiriak aurkeztuta, pertsona horiek abuztuaren 1a baino lehen jaso zutela herritartasuna, "erbesteratuen seme-alaba edo biloba izateagatik".

Inpugnazioa Auzitegi Gorenean

Kaltetutako pertsonek aukera dute alegazioak aurkezteko, gehienez bost eguneko epean.

Errekurtsoa Auzitegi Konstituzionalean

Hemen zalantzak daude oinarrizko eskubideak urratzen dituztela argudiatuz babes errekurtsoa jar dezaketen pertsonen inguruan.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X