Egun erabakigarria da gaurkoa UPNren eta PPren arteko balizko koalizioaren etorkizunerako
Gaur hartuko dute azken erabakia. UPNren Kontseilu Politikoa 20:00etan bilduko da Iruñean. 1982az geroztik, beti aurkeztu izan dira koalizioan bi alderdiak, 2023ko hauteskundeetan salbu.
UPNk gaur, asteartearekin, erabakiko du azaroaren 29ko Espainiako hauteskundeetara PPrekin koalizioan joateko aukeraren inguruan.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak deialdia egin zuenetik, akordio bat negoziatzen ibili dira bi alderdiak, hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko asmoarekin.
Atzo bertan, Sergio Sayas Nafarroako PPko presidenteak aitortu zuen negoziazioetan murgilduta zeudela, eta bere alderdia eginahalak egiten ari zela "prozesua bide onetik" joan zedin. Negoziazioak, baina, ez daude Sayasen esku, UPN zuzenean negoziatzen ari baita Genovako PPren zuzendaritzarekin.
Hari horretan, UPN zuhur agertu da komunikabideen aurrean, balizko itun bati buruz hitz egiteko orduan
Esan bezala, gaur hartuko dute azken erabakia. UPNren Kontseilu Politikoa Iruñeko Iruña Park hotelean bilduko da, 20:00etan, eta gai zerrendako puntuetako bat PPrekin akordioa lortzeko negoziazioa izango da.
Beraz, erabakigarria izango da gaurko batzarra. Izan ere, orain arte ez dituzte ezagutzera eman balizko akordio baterako bete beharreko baldintzak, hauteskunde zerrendan alderdi bakoitzeko kideek beteko luketen ordena eta UPNko diputatuek Kongresuan izango lituzketen konpromisoak.
1982az geroztik, beti aurkeztu izan dira koalizioan bi alderdiak, 2023ko hauteskundeetan salbu. Orduan bana diputatu lortu zituzten PPk eta UPNk. PSNk, berriz, bi diputatu erdietsi zituen, eta EH Bilduk bakarra.
Hautagaitzak elkarrekin aurkezteko epea ostiral honetan amaituko da, eta, beraz, UPNk eta PPk akordio itxita izan behar dute ordurako.