Cristina Gonzalezek ordezkatuko du Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzan
EITBk kontsultatutako iturrien arabera, eta baieztapen ofiziala faltan, PSE-EEko presidentea izango da Turismo sailburua, Hurtadok Gobernua utzi beharko baitu hauteskunde orokorretara aurkezteko.
Cristina Gonzalez PSE-EEko presidente eta Arabako Aldundiko Enplegu diputatua izango da Eusko Jaurlaritzaren hurrengo Turismo sailburua, Javier Hurtadoren ordez, EITBk jakin izan duenez.
Izan ere, Hurtadok kargua utzi beharko du, PSE-EEren Arabako zerrendaburua izango delako Espainiako hauteskunde orokorretan.
Gonzalez 1969an jaio zen, Gasteizen, eta lizentziaduna da Zientzia Politikoetan.
2014an izendatu zuten aurrenekoz PSEren Arabako idazkari nagusi, eta berriro egin zuten 2017an eta 2021ean. Iazko otsailean, baina, Gonzalezek berak iragarri zuen ez zela berriro aurkeztuko karguan beste lau urte jarraitzeko.
Bestalde, 2007-2011 legegintzaldian batzarkide izan zen Arabako Batzar Nagusietan, eta legebiltzarkide 2009tik 2012ra Eusko Legebiltzarrean.