EAJk irabazi ditu hauteskundeak Bizkaian, 12 aulki lortuta
EAJk irabazi ditu hauteskunde autonomikoak Bizkaian, eta 12 aulki lortu ditu lurralde historiko horretan. EH Bildu da bigarren indar politikoa, zazpi aulkirekin, eta PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU hirugarren eta laugarren postuetan kokatu dira, hurrenez hurren, hiru eta bi aulkirekin. PP+Cs da Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza lortu duen azken alderdia, legebiltzarkide bat eskuratuta.
Abstentzioa % 47koa izan da Bizkaian.
2016ko hauteskunde autonomikoetako datuekin alderatuta, EAJk aulki bat gehiago eskuratu du, eta EH Bilduk bi gehiago; PSE-EEk duela lau urte izandako ordezkaritza errepikatu du (hiru aulki), Elkarrekin Podemos-IUk bi galdu ditu (lau zituen), eta PP+Cs koalizioa bitik batera jaitsi da.
PP+Cs koalizioak oso gutxigatik galdu du bigarren aulkia; EH Bilduk lortu du azken legebiltzarkidea, baina 108 botoko aldearekin, atzerrian bizi direnek posta bidez emandako botoak oraindik zenbatu gabe badaude ere.
Bilbon, EAJk garaipen argia lortu du, botoen % 42 eskuratuta. EH Bilduk eta PSE-EEk hautesleen % 18ren eta 14ren babesa erdietsi dute, hurrenez hurren.
Barakaldon, jeltzaleek botoen % 36 lortu dituzte. PSE-EE izan da bigarren indarra, botoen % 22rekin, eta EH Bilduk botoen % 17 eskuratu ditu.
Getxon, EAJk eskuratu du garaipena, botoen % 43rekin, eta EH Bilduk eta PP+Cs koalizioak bigarren eta hirugarren postuetan kokatu dira, botoen % 17 lortuta biek.
Portugaleten, EAJ, PSE-EE eta EH Bildu kokatu dira lehen hiru tokietan, botoen % 35, % 24 eta % 17rekin, hurrenez hurren.
Basaurin, EAJ izan da alderdirik bozkatuena, botoen % 41 lortu baititu; PSE-EEk eta EH Bilduk, berriz, hautesleen % 19ren babesa eskuratu dute, biek.
Bizkaian, EAJk edo EH Bilduk irabazi dute udalerri guztietan, batean izan ezik: Ermuan. Bertan, PSE-EEk, garaileak, botoen % 26 lortu ditu, eta EH Bildu izan da bigarren, botoen % 24rekin. Zaldibarren, EH Bildu EAJri gailendu zaio (465-436), 2016ko datua iraulita; emaitza oso antzekoa izan zen orduan, baina EAJren alde.