Correosek posta bidezko 69.495 boto onartu ditu EAEn eta 20.897 Nafarroan
Bestalde, Correosek posta bidezko 1.012.033 boto onartu ditu Espainiako Estatuan igandeko hauteskunde orokorretarako, 2019an baino % 8,86 gehiago.
Kongresurako eta Senaturako boto paperak. Argazkia: Europa Press
Correosek posta bidezko 90.392 boto onartu ditu Hego Euskal Herrian, datorren igandeko hauteskunde orokorretarako hitzordurako. Horietako 69.495 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zenbatu dituzte, eta 20.897 Nafarroan, postaz arduratzen den enpresa publikoak ostiral honetan emandako datuen arabera.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 37.760 boto Bizkaian erregistratu dira, 22.239 Gipuzkoan eta 9.496 Araban.
Bestalde, Correosek posta bidezko 1.012.033 boto kudeatu ditu Espainian, 2019ko hauteskunde orokorretan baino % 8,86 gehiago. Enpresaren arabera, 2019a da gertuen dagoen "erreferentzia konparagarria".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorrekin alderatuta, posta bidez emandako botoak % 59,05 jaitsi dira (2.471.932). Hauteskunde horiek udan eta opor garaian egin zirenez, posta bidezko botoaren kopurua "ezohikoa" izan zela nabarmendu du Correosek.