EAJ nagusi izango litzateke EAEko hiru lurralde eta hiriburuetan, baina gertuago izango luke EH Bildu
Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak gaur balira, Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) irabaziko luke EAEko hiru lurralde eta hiriburuetan, baina EH Bilduk tartea gutxituko luke, denetan gora egingo bailuke, Eusko Jaurlaritzaren Soziometroaren arabera betiere.
Gainerako indarrei dagokienez, inkestak honakoak aurreikusi ditu: Elkarrekin Podemosek (EP) nabarmen egingo luke behera —bi puntu eta erdi, batez beste, foru hauteskundeetan, eta zinegotzi bana, udalekotan—; PSE-EE, gutxiago bada ere, jaitsi egingo litzateke, baina ordezkaritza galdu gabe, eta Alderdi Popularrak (PP) gaur egun duen ordezkaritzari eutsiko lioke.
Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak hilabete hasieran egin zuen galdeketa, 3.030 pertsonari telefono bidez elkarrizketa eginda (1.318 Bizkaian, 984 Gipuzkoan eta 728 Araban). Batzar Nagusietan aurreikusitako emaitzetarako boto estimazioaren portzentajea bakarrik jaso du inkestak, baina udal hauteskundeen kasuan, zinegotzi estimazioa ere erantsi du. Abstentzioa, batez beste, % 38koa izango litzateke hiru lurraldeetan, eta hortik gorakoa (% 40) hiru hiriburuetan.
EAEko foru hauteskundeetan, Gipuzkoan espero da lehiarik estuena. Jeltzaleek irabaziko lituzkete bozak, botoen % 35,9 jasota eta ia puntu erdi igota. Dena dela, hiru puntu eskasera kokatuko litzateke EH Bildu, botoen % 33,1 (2019an baino 1,5 puntu gehiago) eskuratuta. Alde dezentera geratuko litzateke PSE-EE, puntu erdi baino gehiago galduta (% 16,4). Ia bi puntu jaitsiko litzateke Elkarrekin Podemos, botoen % 7 jasota. PPk ez luke ordezkaritzarik lortuko (% 4,9), apur bat gora egingo lukeen arren.
Bizkaian, EAJk bere nagusitasuna erakutsiko luke berriro, botoen % 44,2rekin eta ia bi puntu irabazita. EH Bilduri aurreikusten zaizkion botoen bikoitza da (% 22), koalizio subiranistaren gorakada garrantzitsua izango bada ere (bi puntu pasatxokoa). Ifrentzuan, Elkarrekin Podemosek hiru puntu eta erdi galduko lituzke, botoen % 7 erdietsita. PSE-EEk ere atzera egingo luke —puntu bat, % 15,4raino jaitsita— duela lau urteko hitzorduarekin alderatuta. PPk botoen % 6,8 eskuratuko lituzke.
EH Bildurekiko tarte txikiagoarekin (8,8 puntu) bada ere, Araban ere EAJ nagustiko litzateke, botoen % 31 jasota (% 2 gehiago). Koalizio abertzaleak botoen % 22,2 jasoko lituzke, puntu bat gora eginda. Sozialistak lirateke hirugarren indar, % 18,2 jasota (% 0,6 gehiago), eta popularrak, laugarren, % 15,4 jasota (0,4 gehiago). Voxek 2019an jasotako boto portzentajearen halako bi eskuratuko luke (% 3), baina ez luke ordezkaritzarik lortuko Arabako Batzar Nagusietan.
EAJren eta EH Bilduren arteko berdinketa Gasteizen
EAJ, EH Bildu eta PSE-EE Arabako hiriburuan lehen postua eskuratzeko lehia bizian ibiliko direla aurreikusi dute hainbat inkestak. Soziometroaren arabera, baina, jeltzaleak eta ezkerreko abertzaleak izango dira norgehiagoka horren protagonistak, 7na zinegotzi lortuko lituzketelako Gasteizko Udalean. EH Bilduk ordezkari bat gehiago edukiko luke, Elkarrekin Podemosen kaltean (3tik 2ra jaitsiko litzateke). Hala, puntu eskaseko aldea egongo litzateke Beatriz Artolazabal hautagai jeltzalearen eta Rocio Vitero EH Bilduko alkategaiaren artean. Bestalde, PSE-EEk egun dituen 6ei eutsiko lieke, baina Maider Etxebarriak gertu lituzke EAJ (2 puntu) zein koalizio abertzalea (puntu soilera). PP berdin mantenduko litzateke, 5 zinegotzirekin.
Donostian, EAJ izango litzateke indarrik bozkatuena, 2019ko 10 ordezkariei eutsita. EH Bilduk bat irabaziko luke: 7 zinegotzi. PSE-EEk eta PPk, hurrenez hurren, gaur egun dituzten 5 eta 3 aulkiei eutsiko liekete. EPk, ordea, bakarra eskuratuko luke (2 lortu zituen aurreko hauteskundeetan).
Jeltzaleak gehiengo absolutuaren atarian geratuko lirateke, beste behin, Bilbon, 14 zinegotzirekin. Bigarren posturako, berdinketa aurreikusi du Soziometroak: EH Bilduk (+1) eta PSE-EEk 5na zinegotzi eskuratuko lituzkete. PPk egun dituen 3 zinegotziak bermatuta lituzke, baina Elkarrekin Podemosek bat galduko luke, 2 ordezkari jasota.
Zure interesekoa izan daiteke
PSN, Zurekin Nafarroa eta EH Bilduri deia egin die Geroa Baiko Koldo Martinezek, akordiora heltzeko
Nafarroan, hauteskunde orokorrek bete-betean baldintzatutako negoziazioei buruz ezer gutxi eman dute ezagutzera oraingoz alderdiek. Gobernuaren osaketan eta Iruñeako Alkatetzan, ikusteko dago nola jokatuko duten Nafarroako sozialistek.
Garrido: 'Argi dago parte-hartze txikiak kalte egin digula'
Pilar Garridok parte-hartze txikia deitoratu du, bere koalizioari zuzenean eragiten diola argudiatuta.
Andueza: 'Euskadi sozialistagoa da gaur, ezkerrera gehiago begiratzen du'
Eneko Anduezak positibotzat jo ditu PSE-EEk hauteskunde hauetan lortutako emaitzak, eta Euskadi sozialistagoa dela eta ezkerrera begiratzen duela esan du.
Iturgaiz: 'PPren menpe badago, ez da Bilduko alkaterik edo ahaldun nagusirik izango Euskadin'
Carlos Iturgaizek positibotzat jo ditu PPk Euskadin eta Espainian lortutako emaitzak, eta ez dela Bilduko alkaterik edo ahaldun nagusirik egongo ziurtatu du.
Egibar: 'Argi dago zerbait ez dugula ondo egin'
Joseba Egibarrek EAJk Gipuzkoan lortutako emaitzen balorazioa egin du. Egibarrek adierazi du argi dagoela EAJk zerbait ez duela ondo egin.
EH Bildu alde nabarmenarekin garaile Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Ezker abertzaleko koalizioak 22 eserleku bereganatu ditu Batzar Nagusietan (bost gehiago), EAJk 17 (hiru gutxiago), PSE-EEk zazpi (bi gutxiago), Elkarrekinek bi (bi gutxiago) eta PPk hiru (bi gehiago). Parte-hartzea % 59,92koa izan da, 2019an baino ia zazpi puntu gutxiago.
Otegi: 'Ziklo aldaketa baten lehen urratsa eman da'
EH Bildu nagusitu da udalerri askotan eta Gasteizen indar bozkatuena da 7 zinegotzirekin, duela lau urte baino bat gehiago
EAJk irabaziko luke Bilbon eta Donostian; EH Bilduk, Gasteizen; eta berdinketa teknikoa Iruñean
Nafarroako Parlamentuan, UPN izango litzateke bozkatuena, 12-13 eserlekurekin, baina PSN gertu egongo litzateke, 10-11rekin, eta Gobernuari eutsi ahalko lioke, egungo formula berarekin.
18:00etako parte-hartze datua: % 54,12 Nafarroan eta % 48,52 EAEn
Parte-hartzea % 1,19 igo da Nafarroan 2019ko hauteskundeekin alderatuta, eta % 4,84 jaitsi da EAEn.
Berezitasun ugariko hauteskundeak dira Udal hauteskundeak, Euskadiko bost udalerritan bereziki
Usansolon, Gernikan (Bizkaia), Irunen (Gipuzkoa) eta Arabako Errioxako Bastidan eta Guardian, adibidez, berezitasun ugariko hauteskundeak izango dira gaurkoak; jakin ezazu zergatik bideo honetan.