Askatasunaren Flotillako 'Madleen' belaontzia Ashdodeko portura eraman dute, Israelek abordatu ondoren
David Mencer Israelgo Gobernuaren bozeramaileak adierazi duenez, ekintzaileak "laster" deportatuko dituzte jatorrizko herrialdeetara. Bozeramaileak, gainera, ekimena barregarri utzi nahi izan du, flotilla baino , "selfieak ateratzeko yatea" zela adierazi baitu.
Askatasunaren Flotillako 'Madleen' belaontzia, Ashdoden porturatzen. Argazkia: EFE
Gaur goizaldean Israelek nazioarteko uretan atzemandako Askatasunaren Flotillako 12 ekintzaileak Ashdod portura eraman dituzte dagoeneko, Mikel Ayestaran EITBko berriemaileak aurreratu duenez. Honenbestez, 'Madleen' belaontzia porturatu da.
Adalah erakundeak adierazi duenez, flotillan dauden ekintzaileak, tartean Greta Thumberg aktibista klimatikoa, Israelek Gazan duen blokeoa hausteko "misio zibil" bateko kide dira, eta "legez kanpokotzat" jo du nazioarteko uretan atzeman eta atxilotu izana.
Bestalde, David Mencer Israelgo Gobernuaren bozeramaileak bideokonferentzia batean adierazi duenez, Gaza parean atzemandako ontzia Israelgo Ashdod portura eramaten ari dira, atoian, eta bertan dauden ekintzaileak "laster" deportatuko dituzte jatorrizko herrialdeetara.
Bozeramaileak, gainera, ekimena barregarri utzi nahi izan du, Gazarako laguntza humanitarioa zuen flotilla baino , "selfieak ateratzeko yatea” zela adierazi baitu. “Ez zen laguntza humanitarioa, Instagrameko aktibismoa baizik", erantsi du.
Mencer Israelen jokabidea justifikatzen saiatu da, argudiatuz ontzia Gazara iristen uzteak "Iranek babestutako terrorismoari, mundu osoko estremistei eta sasi-ekintzaileei ateak irekiko lizkiekeela, Israelen legezko blokeoari buruzko titularren bila".
Blokeoa 2007tik
Israelek erabateko blokeoa ezarri zuen Gazan martxoaren 2an, laguntza Hamasek bereganatzen zuela argudiatuz, Tel Avivek beti egin ohi duen bezala. Laguntza maiatzaren 19an sartu zen berriro Zerrendara, baina oso modu mugatuan. Bitartean, dozenaka mila gazatar goseak daude dagoeneko, NBEren eta beste talde humanitario batzuen arabera.
Gazak Israelen lurreko, aireko eta itsasoko blokeoa jasaten du 2007tik (Egiptorekin muga egiten duen Rafahko tartea ere kontrolpean hartu zuenetik), Hamasek hauteskundeak irabazi ondoren boterea hartu zuenetik.