Machadok eskerrak eman dizkio Trumpi Maduro atxikitzeagatik eta lehenbailehen itzultzeko asmoa agertu du
Fox News telebista katean egindako elkarrizketa batean, Machadok adierazi du bera buru duen oposizioak Venezuela Ameriketako energia gune bihurtuko lukeela, atzerriko inbertsioaren segurtasuna bermatzeko zuzenbide estatua berrezarri eta Maduroren agintaldian herrialdetik ihes egin zuten venezuelarren itzulera erraztu. Hala ere, Trumpek Venezuelako gobernua Machadoren esku uztea baztertu du, herrialdearen babesik ez duela argudiatuta.
Maria Corina Machado Oslon, 2025eko Bakearen Nobel Saria jaso ondoren emandako prentsaurrekoan. Artxiboko argazkia: EFE
Maria Corina Machado Venezuelako oposizioburuak eskerrak eman dizkio Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteari, Nicolas Maduro atxilotzea ahalbideratu zuten "ekintza ausartak" aurrera eramateagatik. "Venezuela Estatu Batuen aliatu izango da", gaineratu du.
AEBk Venezuelaren aurkako erasoa egin zuenetik lehen elkarrizketa eskaini du, bart, Machadok Fox News telebista kate estatubatuarrean. Machadok esan du ez duela Trumpekin hitz egin Estatu Batuek Maduro atxilotu dutenetik.
Machadok elkarrizketan zehar, besteak beste, gogora ekarri du presidente estatubatuarrari eskaini ziola iaz jaso zuen Bakearen Nobel saria eta Venezuelatik ezkutuan irten behar izan zuela Oslora joateko, baina beranduegi iritsi zela sari banaketa ekitaldira.
Oposizioko buruzagiak azaldu duenez, ahalik eta azkarren Venezuelara itzuli nahi du.
Bestalde, Machadok azpimarratu du bera buru duen oposizioak Venezuela Ameriketako energia gune bihurtuko lukeela, atzerriko inbertsioaren segurtasuna bermatzeko zuzenbide estatua berrezarri eta Maduroren agintaldian herrialdetik ihes egin zuten venezuelarren itzulera erraztu.
Are gehiago, oposizioak hauteskunde libre eta bidezko batzuetan "botoen % 90 baino gehiago" lortuko lukeela iragarri du.
Hala ere, Trumpek Venezuelako gobernua Machadoren esku uztea baztertu du, herrialdearen babesik ez duela argudiatuta.