Etxegabetzeak: etxea galtzen dutenen babesgabetasuna
Jose Luis eta Lara Galdakaoko senar-emazteek bi etxebizitza zituzten, garraio enpresa baten jabe ziren eta bizimodu erosoa izateko soldata nahikoa zuten, baina dena galdu dute eta 600.000 euro zor dizkiote Kutxabanki.
Bizkaitar familia kasua bat gehiago da egunero Estatuan gertatzen direnen artean. Kaleratzeak Stop plataformak eskaini dituen datuen arabera, egunean zortzi etxegabetze gertatzen dira, batez beste, Euskadin. Hortaz, EAEko 8.000 familia ari dira horrelako prozesu bat pairatzen, hipoteka ordaintzeko gaitasunik ez dutelako.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ) eskaini dituen azken datuen arabera, 2012ko bigarren hiruhilekoan inoiz baino kaleratze gehiago egin dituzte; guztira, 47.943 kasu izan dira Espainian. Hau da, egunean, batez beste 526 etxegabetze izan dira. Martxoaren 10ean Gobernuaren lege-dekretua indarrean sartu eta gero hartu du inoiz baino maila altuagoa indize horrek. Hipoteka ordaintzeko, trukean etxea ematea ahalbidetzen die arau horrek gizarte-bazterketa pairatzeko arrisku larrian daudenei, betiere banketxeek onartzen badute. Baliteke, hain zuzen ere, araudi berriak eragin izana inoiz baino etxegabetze gehiago egitea.
Erkidegoei dagokienez, Katalunian (9.304), Valentzian (8.613), Andaluzian (7.984) eta Madrilen (6.636) izan dira urtearen bigarren hiruhilekoan utzarazpen gehien. EAEn, 1.231 izan dira. Nafarroan (278) eta Errioxa (189) egin dituzte kaleratze gehien.
Guztira, 2008ko uztailean krisia hasi zenetik, epaitegiek 247.188 etxegabetze inguru adostu dituzte, CGPJren datuen arabera. Hala eta guztiz ere, Hipoteken Kaltedunen Plataformaren arabera, zifra hori desberdina da: etxegabetzeen kopurua 400.000 baino gehiagokoa dela uste dute.
2012ko bigarren hiruhilekoan hipoteka betearazteko prozeduren datuak ere ez ziren onak izan. Guztira, epaitegiek 23.421 betearazpen agindu zituzten.
Desesperazioa
"Senarrak kamioi bat zuen, gora egiten hasi zen, eta diru guztia berriz inbertitu zuen, zortzi kamioi izan zituen arte. Krisia heldu zenean, negozioak behera egin zuen, baina, bi urteko kontua izango zela esaten zutenez, gure etxebizitzak hipotekatu egin genituen, zortzi familiak kalean ez uzteko. Azkenean, ez genuen aurrera egitea lortu, langileei kalte-ordainak eman genizkien, eta hipotekak ordaintzeko diru gabe geratu ginen", azaldu du Galdakaoko familiako amak.
Krisi ekonomikoak herritarren buruko osasunari kalte egiten dio eta, adituen aburuz, nork bere buruaz beste egiteko beste hainbat arrazoi badauden arren, kasu oso larrietan suizidioaren eragile nagusia izaten da. Horren adibide da etxetik kaleratu behar zuten eta etxeko patioan bere burua zintzilikatuta topatu zuten Granadako 53 urteko gizonaren kasua.
Donostian, Amara auzoko bizilagun bat konorterik gabe topatu zuten etxegabetzea jakinaraztera etxera joan zitzaizkion abokatua eta notarioa. Emakumeak ohar bat utzi zuen, bere buruaz beste egin zuela esateko.
"Erokeria bat egitea pentsatu dut. Ulertu egiten dugu Granadako gizon horrek egin zuena. Nik 12 pilula hartzen ditut egunero, eta, inoiz, hartu behar nituenean, begira geratu naiz, eta denak hartuta lo geratu eta dena horrela bukatu nahi nuen", azaldu du Galdakaoko familiaren amak.
Bitartekaritza zerbitzua
Apirilean, Eusko Jaurlaritzak kaleratzeak ekiditeko bitartekaritza zerbitzua jarri zuen martxan. Ekimenaren helburua hipotekak ordaindu ezin dituzten pertsonen eta banketxeen artean bitartekari lanak egitea da. Orain, Nafarroa ere horrelako zerbitzu bat eskaintzen hasi da.
Jaurlaritzak kaleratzeak saihesteko martxan jarritako bitartekaritza zerbitzuak 97 txosten ireki ditu orain arte (17 Araban, 38 Bizkaian eta 42 Gipuzkoan).
Kasurik larrienetan, babes ofizialeko alokairuzko etxea eskuratzeko lehentasuna emango diete kaltedunei. Arau berri hori 2013ko urtarrilaren 2tik aurrera egongo da indarrean.
Bestalde, Gobernuak etxegabetzeen legea aldatzeko asmoa duela iragarri zuen joan den astean Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak. Asmo nagusia egoera horiek saihesteko neurri "eraginkorragoak" gaineratzea da, eta neurri horiek PSOErekin adostea.
Hori dela eta, Gobernuak lantaldea osatu du Ekonomia, Ogasun eta Justizia Ministerioekin, besteak beste, etxegabetzeak geldiarazteko dauden "lege aukera guztiak" aztertzeko.
Fernando de Rosa CGPJko presidenteordeak ere hipoteka legea aldatzearen alde egin du; izan ere, De Rosaren ustez, orain arte agindu diren kanporatzeek eta horiek gizartean duten eraginak gaur egungo araudia disfuntzioak sortzen ari dela erakutsi dute. Presidenteordeak esan duenaren arabera, epaileek "legea bete behar dute", eta legedia "ezin da epaile batzuen ekimenengatik aldatu".
Kaleratzeak Stop elkartearen sinadura bilketa
Stop Kaleratzeak elkarteak Hauteskunde Erroldako Bulegora eraman ditu Gipuzkoan bildu dituen 20.427 sinadurak. Era honetan, kaleratzeak ekiditeko herri egitasmo legegile bat sustatu nahi du elkarteak, hipoteken legea aldatzeko.
Talde honetako kideak apirilean hasi ziren sinadurak biltzen. Hainbat erkidegotan egin dute kanpaina herri egitasmo legegilearen alde, eta denera Espainia osoan 550.000 sinadura inguru lortu dituzte.
Kopuru honekin, bide honetatik araudia aldatzeko behar diren 500.000 sinadurak gainditu dituzte, baina ekimena urtarrilaren 25era arte luzatzea erabaki dutela iragarri dute, nolanahi ere.
Gobernuan dauden alderdiek, Espainian eta Euskadin, "ez dute legea aldatzearen alde ezer egin", salatu dute. “Geroz eta gizarte sektore gehiagok uste dute 1909ko lege hori aldatu egin behar dela", adierazi dute.
Joan den astean, Donostiako gizon erretiratu batek etxea ez galtzeko Stop Kaleratzeak elkarteak aurkeztutako helegite bat aztertzeko bista egin zuen Gipuzkoako hiriburuko epaitegiko epaile batek . Elkartearen ustez, albiste ona da hori; izan ere, "epaile batek etxegabetu behar duten pertsona baten defentsa entzuteko Euskadin egiten duen lehen bista da".
Zure interesekoa izan daiteke
Lanera itzuli nahi duten Amurrioko Tubos Reunidoseko beharginek lantegira sartzeko autobusa izango dute asteartetik aurrera
Ostegunean, 232 langilek, CCOOk eta UGTk babestuta, greba amaitzearen eta berriro lan egitearen alde bozkatu zuten, ELA, LAB eta ESKk ordezkatutako gehiengoaren iritziaren aurka. Neurri horren helburua, enpresaren arabera, lanera itzuli nahi duten horiek lantokira segurtasun baldintza egokietan sartu eta irtetea da.
ELAk ezkutuko 28 kaleratze salatu ditu Sidenorren Azkoitiko lantegian Reinosara lekualdatzeko prozesuan
Ohar batean, enpresak esan du ez dela "kaleratze bakar bat ere" izan Azkoitian, eta 32 pertsona joango direla Reinosara, horietako bi euren borondatez.
Pasaiako portuak urtean 10 milioi inbertitzea aurreikusten du, "Ardatz Atlantikoko nodo lehiakor" gisa kokatzeko
EAJren eta PSE-EEren arteko ika-mika iturri den portuaren eskumenaren transferentziaz galdetuta, Izaskun Goñi Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak adierazi du hori arlo politikoan argitu behar dela.
Tubos Reunidoseko asanbladak greba amaitzearen alde bozkatu du, baina batzordeak jarraitzearen alde egin du
Batzarrean 234 langilek bozkatu dute, eta ia guztiek greba amaitzearen alde egin dute; hala ere, Amurrion 870 langile daude guztira. ELAk adierazi du asanbleak ez duela baliorik eta "ezin duela greba-deialdia aldatu"; aldi berean, ESK-k zalantzan jarri du bere zilegitasuna.
Tentsioa, Tubos Reunidosen: langileen zati batek grebarekin jarraitu ala ez bozkatzeko eskatu du
Gehiengo sindikalaren estrategiarekin kritikoak diren langileek erreferendumean bozkatu nahi dute grebarekin jarraitu ala ez; sindikatu nagusiek, ordea, uko egiten diote horri. Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordeak ohartarazi duenez, Tubos Reunidosen etorkizunaren zati bat jokoan dago gaurko bileran, eta guztiak batera arraun egiteko deia egin du.
Osakidetzak garapen profesionalerako eredu berria adostu du SME, Satse eta CCOOrekin
Euskal Osasun Zerbitzuak osasun-prestakuntza espezializatuko aldia aitortuko du emandako zerbitzu gisa eta puntuazio gehigarri bat betetzea zaila den lanpostuetan.
Urte gazi-gozoa makina erremintaren sektorean: esportazioek gora egin arren, gutxiago fakturatu dute
Txinaren "mehatxuaren" aurrean, autogintzak larri itxi zuen 2025 urtea, eskariak ia % 12 murriztuta. Aldiz, errekorreko urtea izan zen defentsa eta aeronautika alorretan.
Tubos Reunidosek ohartarazi du egoera "oso zaila" dela, eta ez du baztertzen jarduera etetea inbertitzailerik aurkitzen ez badute
Amurrioko lantegiko beharginen batzordearekin egindako bileran, zuzendaritzak jakinarazi du bideragarritasun plana eta kaleratze kolektiboa bertan behera direla. Aurrerantzean, konkurtso-administratzaile batek hartuko ditu enpresaren gaineko erabaki guztiak.
Tubos Reunidosko langileen batzordeak grebari eutsi dio, eta asteazken honetan zuzendaritzarekin biltzeko zain dago
Tubos Reunidos enpresako langileek elkarretaratzea egin dute astearte honetan enpresaren Bilboko bulegoen aurrean, enpresak hartzekodunen borondatezko konkurtsoa aurkeztu eta biharamunean. Tubos Reunidosek 1.300 langile inguru ditu, eta 260 milioi eurotik gorako zorra pilatuta.
Apirilean, 3.368 langabe gutxiago zenbatu dituzte EAEn, eta 833 gutxiago, Nafarroan
Urtearteko datuak alderatuta, langabeziak behera egin du bai EAEn (-3.006) eta baita Nafarroan ere (-588).