Fagor eta Eroskiren mendeko ekarpenak: norena da erantzukizuna?
Eroskiren eta Fagorren mendeko finantza-ekarpenen afera Eusko Legebiltzarrera iritsi da. Kaltetuak izeneko elkartearen arabera, 40.000 kaltetu daude Estatu osoan, eta egoera honen erantzule nagusiak ekarpenak merkaturatu zituzten konpainiak dira.
Eroskik, Fagorrek eta ekarpenak komertzializatu zituzten finantza-erakundeek azpimarratu dute ekarpenak jaulki eta saltzeko prozesuan zorrotz bete dutela araudiak dioena.
Bitartean, Kontsumobidek aldeen artean bitartekari lanak egiten ari da, kaltetu guztiei irtenbidea emateko asmoz. Oraingoz, 316 erreklamazio jaso dituzte.
EKARPENAK, DATUETAN
2002 eta 2004. urteen artean, Eroskik 360 milioi euro jaso zituen mendeko ekarpenen bidez; eta 2007an, 300 milioi. Fagorrek, berriz, 60 milioi bildu zituen 2004an, eta 125 milioi, 2006an.
Eroskiren kasuan, finantza-ekarpen horiek merkaturatu zituen erakunde nagusia Banco Santander izan zen lehenengo eta BBVA ondoren. Fagorrenak BBVAk zuzendu zituen. Gainera, BBVAk Eroskiren ekarpenen % 44 saldu zituen eta Santanderrek Fagorren ekarpenen % 57. Euskadiko Kutxa izan zen bonu gehien merkaturatu zituzten erakundeen artean bigarrena: Eroskiren ekarpenen % 31 eta Fagorren ekarpenen % 19 saldu zituen.

(Kaltetuak elkarteak Bilbon egindako elkarretaratze bat. Argazkia: EFE)
KALTETUEN SALAKETA
Kaltetuak plataformak (mila kide inguru ditu) salatu duenez, Eroskik eta Fagorrek "iruzur egin diete", eta baita banku-erakunde horiek ere, "kooperatiben konplize gisa jokatu baitute".
"Mendeko ekarpenak produktu seguruak izango bailira bezala eta zorra bizi osorako zela ezkutatuta saldu zizkiguten. Are gehiago, iaz Euskadiko Kutxako langileak aipatu bonuak saltzen jarraitu zuten, eta, Durangaldean esaterako, etxez etxe ere joan ziren", azaldu du Ricardo Gonzalez de Durana plataformako bozeramaileak.
Kaltetuak elkarteak uste du erantzukizuna konpartitua dela. "Eroskik eta Fagorrek ez zuten argi azaldu produktu horien arriskuak zeintzuk ziren, eta komisioak ordaindu zizkieten finantza-erakundeei euren bonu toxikoak sal zitzaten. Gure aurrezkien % 5 erakunde horien esku dago, baina % 95 Eroskiren eta Fagorren esku".
ARAZOAREN GAKOETAKO BAT
Mendeko ekarpenak ohikoak izan dira urte askotan Estatuan nahiz munduko beste herrialde batzuetan. Alabaina, eta eitb.com-ek galdetutako adituen arabera, arazoa horren oinarrian dagoela ematen du: saltzeko prozesuan izan da hutsegitea. Edozein produktu saldu aurretik eroslearen baldintzak zein diren ezagutzea ezinbestekoa bada ere, agerian geratu da ez dela horrelakorik egin.
Aitzitik, araudi berriak mugarria ezarriko du mendeko finantza-ekarpenak saltzeko moduan, finantza-erakundeak behartuta daudelako beren bezeroak aztertzera aipatu produktuak horientzat egokiak diren ala ez dokumentatuta uzteko.
FINANTZA ENTITATEEN AZALPENA
Finantza-erakundeek, berriz, ukatu egin dute erantzukizuna eurena izatea, eta guztiak bat datoz arauak zorrotz bete dituztela esaten.
BBVAren hitzetan, bitartekari lana egitea da euren ardura, eta, ondorioz, afera honetan erantzukizun nagusia jaulkitzaileena da, Fagorrena eta Eroskirena, hain zuzen e re.
"Eroskik merkaturatutako ekarpenetan, adibidez, BBVA bitartekaria baino ez da, bere bezeroentzako onena bilatzen duena, baina erabakiak jaulkitzaileak hartzen ditu", zehaztu du ohar baten bidez.
Banco Santanderrek ere erantzun laburra eta zuzena eman du: "Mendeko ekarpenak merkaturatzeko arauak zehatz-mehatz bete ditugu".
EROSKIREN ETA FAGORREN AZALPENAK
Finantza-erakundeek bezala, Fagorrek eta Eroskik azpimarratu dute beti jardun dutela legearen baitan eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren irizpideak beteta.
2002 eta 2007. urteen artean jaulkitako mendeko finantza-ekarpenen harira, Fagor eta Eroski bat datoz: "Une oro bezeroekiko konpromisoari eutsi diogu, beti izan dugu Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren ikuskaritza, eta, beraz, baldintza guztiak betetzen dituen produktu bat saldu dugu".
Gainera, afera hau ulertzeko lagungarria den beste gakoetako bat aipatu dute: 2012ko uztailaren 6an mendeko finantza-ekarpenak SEND (Zorra Negoziatzeko Sistema Elektronikoa, euskaraz) plataforman kotizatzen hasi ziren, AFBE (Aktibo Finantzarioen Bitartekarien Elkartea) merkatutik aterata.
Eroskik azaldu duenez, 2002an merkatuan eskuragarri jarri zirenetik, mendeko finantza-ekarpenak behar bezala aritu ziren. Alabaina, "2012an, krisi ekonomikoaren ondorioz, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak AFBE merkatua uzteko eta SEND merkatuan kotizatzen hasteko gomendatu zigun, eta hala egin genuen", azaldu du. Aldaketa horren ondorioz, horien balioa merkatuen mende dago.
"Gure erantzukizuna jaulkipenak zuzentasunez egitea da, legeak agintzen duen moduan, eta horrela egin dugu", berretsi dute kooperatibatik, eta Eroskik nabarmendu du urtero ordaintzen dituela titulu guztiak balore nominala oinarri hartuta.
Bi konpainiak euren prestutasun guztia agertu dute Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuarekin elkarlanean aritzeko eta prozesu guztia nola egin duten "argi eta garbi" azaltzeko.
BOIKOTA
Kaltetuak elkartearen ustez, Eroskik, Fagorrek eta finantza-erakunde horiek emandako azalpenak ez dira nahikoa, eta konponbidearen aldeko apustua egiteko eskatu die. Nolanahi ere, oraingoz ez dute epaitegietara joko, eta boikotaren aldeko bideari heldu diote.
"Ibilbide judiziala oso luzea eta garestia da, eta guk ez dugu baliabide ekonomikorik. Elkarteak boikotaren bidetik jotzeko erabakia hartu du: Eroskin erosteari utzi diogu; Lagun Aroko aseguru-polizak baliogabetu ditugu; eta Euskadiko Kutxan geneuzkan kontu korronteak itxi egin ditugu. Halaber, erakunde horietako zuzendaritzei gure erabakien arrazoiak biltzen dituen gutunak igorri dizkiegu", Ricardo Gonzalez de Duranaren esanetan.
Horrez gain, Juan Calparsoro EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko fiskalburuari dokumentazio guztia eman diote, iruzur zantzuak izanez gero, justiziak auzi honetan ofizioz jardun beharko lukeela iritzita.
Mendeko finantza-ekarpenak merkaturatu zituzten erakunde nagusiak BBVA eta Banco Santander izanda protestak Laboral Kutxaren egoitzen aurrean zergatik egiten dituzten galdetuta, Gonzalez de Duranak erantzun du “kaltetu gehienek Euskadiko Kutxaren bitartez” erosi zituztela produktu horiek. "Eroski eta Fagor bezala, Euskadiko Kutxa Mondragon Taldekoa da, eta guk korporazio hori irtenbide bat bilatzera behartu nahi dugu", erantsi du.
Nolanahi ere, Kaltetuak elkarteak argitu nahi izan du justizia bakarrik bilatzen dutela, eurena babestea. "Ez gaude kooperatiben kontra; hala balitz, ez ginatekeen hainbeste urtez Eroski edo Euskadiko Kutxako bazkideak izango".
KONTSUMOBIDEREN BITARTEKARITZA
Kontsumobide, berriz, aldeen artean bitartekari lanak egiten ari da, Eroskiren eta Fagorren mendeko finantza-ekarpenak erosita kaltetu diren guztiei konponbidea emateko asmoz.
Oraingoz, 316 erreklamazio jaso ditu Kontsumobidek. Erreklamazioak jartzeko arrazoi nagusia mendeko finantza-ekarpenen iraupenaren eta produktu horien ezaugarrien inguruko "informazio edo argitasun falta" da.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskal erakundeek bazka erosketa bateratua egingo dute abeltzaintza ustiategi txikienei laguntzeko
Abuztuan egingo dute erosketa, lehorteak gogorren jo dituen ustiategien benetako beharrak zehazteko inkesta egin ondoren. Dirulaguntza zuzenak, berriz, urte amaieran aztertuko dituzte.
Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin
Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.
Langabeziak gora egin du uztailean Euskadin eta Nafarroan: 1.378 eta 534 langabe gehiago dago, hurrenez hurren
Euskadin uztailean 105.590 enplegu-eskatzaile egon dira, ekainean baino 1.378 gehiago. Nafarroan, berriz, 534 langabe gehiago izan dira, 28.843. Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu hori hainbat langile lan-merkatuan sartzearekin lotuta dago.
Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko linearako kablea jartzen hasi dira, Lemoiz parean
Bizkaiko Golkoaren eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoa gertuago dago. Goi tentsioko linea honek Gatika eta Bordeletik gertu dagoen Cubnezais batuko ditu eta 276 kilometroko tartea egingo du ur azpian. Ekosistemari kalterik egingo ez zaiola ziurtatzeko, Aztik gainbegiratuko ditu lanak.
Ikuskizunetako teknikariek "enpatia" eskatu diete artistei hiriburuetako jaietan deitutako greban
EAEko lehen lan-hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5, 14 eta 26rako, lan-hobekuntzak eskatzeko eta patronalari negoziazioei berriro ekiteko eskatzeko.
Euriborrak % 2,855ean itxi du uztaila, mailarik altuena 2024ko irailetik
Ekainarekin alderatuta, tasa oinarrizko 6 puntu igo da.
Euroguneko inflazioa % 2,9an kokatu da uztailean, hamarren bat igota
Eurostatek argitaratu berri duen urte arteko tasa % 3,8koa da Espainian, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa, eta % 2,4koa Frantzian, joan den hilean baino lau hamarren handiagoa. Energiaren esparruan igo da gehien inflazioa.
Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek greba ziklo bati ekin diote, lan-baldintzak hobetzeko asmoz
Lehenengo lanuztea ostegunean hasi zen, 22:00etan, eta igandean amaituko da. Mobilizazioen artean, gaur elkarretaratzea egin dute AP-8 autobidearen Oiartzungo gasolindegian.
Gasolina eta gasolioa 6 zentimo baino gehiago garestitu dira litroko, Hidrokarburoen Zerga Bereziaren igoeraren ondorioz
Batez beste, gasolina depositua betetzeak duela urtebete baino 8,5 euro gehiago balio du, eta gasolio deposituak ia 16 euro gehiago, abuztuko irteera-operazio betean.
38 urteko langile bat oso larri zauritu da Alesbeseko kontserba-enpresa batean izandako istripuan
Foru Gobernuak zabaldutako oharraren arabera, langileari ur irakina erori zaio gainera, eta erredurak ditu gorputzaren % 80an.