Iruzur fiskalaren apologia egitea egotzi dio EH Bilduk Arantza Tapiari
Gipuzkoako fiskalitatearen inguruan Arantza Tapia sailburuak asteburuan egindako adierazpenak “onartezinak eta oso larriak” direla adierazi du gaur EH Bildu koalizioak. “Iruzur eta elusio fiskalaren apologia egitea da hori”, gaineratu dute koaliziotik.
Leire Pinedo eta Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideek agerraldia egin dute Legebiltzarrean, Tapiaren hitzak gaitzesteko. “Zenbait enpresa-buru” Gipuzkoatik alde egin dutela esan zuen sailburuak, “Bilduk ezarritako aberastasunaren zerga” arrazoi nagusia izan dela argudiatuz.
EH Bilduk Arantza Tapiaren agerraldia eskatuko dute Legebiltzarrean, esandakoa frogatuko luketen dokumentuak bertan aurkez ditzan.
Sailburuari bere “akatsa” zuzentzeko eskatu dio Pinedok, “daturik gabe horrelakoak esaten dituen pertsona batek ez lukeelako erantzukizun kargu bat bete behar”.
“Arlo fiskalean eskumenik ez duen politikari batek iruzurraren eta elusio fiskalaren apologia egitea ez da bidezkoa. Gezurretan ari da, kaltea egiteko helburu bakarrarekin, laburbildu du.
“Bildu Gobernuan dagoenetik Gipuzkoa hankaz gora dagoela esatea EAJren estrategia zaharra da”.
Oraindik ez dute Tapiaren dimisioa eskatuko, aurretik sailburuari bere hitzak “zuzentzeko” aukera eman nahi diotelako. Tapiaren azalpenak entzun ondoren, koalizioak horren inguruko erabaki bat hartuko beharko du, Beitialarrangoitiaren hitzetan.
Bestalde, aberastasunaren zerga milioi bat eurotik gorako ondarea duten pertsonek, eta ez enpresek, ordaindu behar dutela gogoratu dute.