Euroguneko ekonomia % 0,8 haziko da 2014an, EBren arabera
Europako Batzordeak hazkunde txikia espero du eurogunearentzat eta Europar Batasunarentzat aurten: % 0,8koa eta % 1,3koa, hurrenez hurren.
Europako Batzordeak aurreikuspen makroekonomikoak aurkeztu ditu gaur, eta 2015ari dagokionez, euroguneko estatuen Barne Produktu Gordinaren (BPG) gorakada % 1,1ekoa izatea espero du, eta % 1,5ekoa, Europar Batasunean.
2016rako, hazkundea handiagoa izango da, adituen ustez: % 1,7koa eurogunean eta % 2koa Europar Batasunean.
Jean Claude Juncker buru duen Europako Batzordearen aurreikuspenek jaitsi egin dituzte maiatzekoak, orduan % 1,2ko eta % 1,7ko hazkundea aurreikusi baitzuten eurogunean 2014rako eta 2015erako, eta % 1,6koa eta % 2koa, Europar Batasunean.
Lan-merkatuari dagokionez, Europako Batzordearen aurreikuspenen arabera, % 10,3ko mailan geratuko da Europar Batasuneko bataz bestekoa urte amaieran, eta % 10era eta % 9,5era jaitsiko da 2015ean eta 2016an.
Espainiako Estatuak defizit helburua beteko du
Espainiako Estatuak defizit helburua beteko du aurten, bi hamarreneko tartearekin, BPGaren % 5,6raino murriztuta, eskatzen zioten % 5,8tik behera. Hala ere, datozen bi urteetan, neurri gehiago hartu ezean, ez du Europar Batasunaren agindua beteko, Europako Batzordearen aurreikuspenak betetzen badira.