Albiste da
EEE-a Tubos Reunidosen |
Eguraldi ezegonkorra |
Iraungitako txertoak |
Euskadi-Kantabria auzia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Siban enpresari espedientea ireki dio Bizkaiko Aldundiak

Bizkaian duen lantegia Kantabriara eramatea erabaki du. Deslokalizazioa egotzita, diru-laguntzetan emandako 100.000 euroak itzultzeko eskatu dio Aldundiak.
Deslokalizazio "argia" egin du Sibanek, Pradalesen hitzetan. Argazkia: EFE
Deslokalizazio "argia" egin du Sibanek, Pradalesen hitzetan. Argazkia: EFE

Bizkaiko Foru Aldundiak espedientea irekiko dio Siban enpresari deslokalizazioa egotzita. Bizkaian duen lantegia Kantabriara eramango duela iragarri zuen enpresak, eta horren harira aurkeztuko du espedientea Foru Aldundiak, eta urte hauetan jasotako diru-laguntzak, 100.000 eurokoak, itzultzeko eskatuko dio.

Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak prentsaurrekoan jakinarazi duenez, Sibanek deslokalizazio "argia" egin du.

Peosa euskal taldearen enpresetako bat da Siban, eta uhal garraiatzaileak egiten ditu Abanto Zierbenako (Bizkaia) lantegian. Enpresa bizkaitarrak iragarri berri duenez, 50 langileak Castro Urdialesera (Kantabria) eramango ditu, Kantabriako Gobernuak emandako diru-laguntzak jasotzeko.

Pradalesek azaldu duenez, Sibanek 100.000 euro jaso ditu Bizkaiko Foru Aldundiak 2005-2014. urteen artean emandako diru-laguntzen bidez. Hain justu, diru-laguntzok eta dirutza horrek eragindako interesak itzuli beharko ditu Sibanek. Horrez gain, zortzi urtean ezingo du Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzarik jaso.

Bizkaian geratzeko eskaintza

Bizkaiko Foru Aldundiak 2014ko urtarrilean izan zuen Sibanen asmoen berri. Ordudanik, enpresarekin harremanetan egon dira Aldundiko ordezkariak. Otsailean egindako bilera ofizial batean, Sestaoko eta Zornotzako industrialdeetan lantegia zabaltzeko eskaintza egin zion Aldundiak, baina handik astebetera baztertu egin zuen Sibanek.

Bizkaiko Foru Aldundiak ez du enpresa bizkaitarraren erabakien berri gehiago izan, eta joan den astean "komunikabideen bidez" jakin zuen Kantabriara joateko asmoa zuela.

Pradalesen ustez, Sibanek "erabakita zuen lekualdatzea, eta, zoritxarrez, ezin izan dugu askorik egin", deitoratu du.

2015eko Enplegu Plana

Bizkaiko Foru Aldundiaren 2015eko Enplegu Planaren aurkezpenean eman du enpresa horri irekitako espedientearen berri Pradalesek. Emandako datuen arabera, Foru Aldundiak 19,27 milioi euro bideratuko du 2.225 lanpostu sortzeko eta 1.300 beharginen lan-trebetasunak hobetzeko.

Hiru ardatz izango ditu Pradalesek aurkeztutako planak: gazteen "kalitatezko" kontratazioa bultzatzea, iraupen luzeko langabeek (batez ere 45 urtetik gorakoek) lana topatzea eta autoenplegua sustatzea.

Zure interesekoa izan daiteke

Tubos Reunidos
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Tubos Reunidosek enplegu-erregulazioko espediente bat proposatuko du Amurrio eta Trapagarango lantegietan

Tubos Reunidoseko zuzendaritza bi lantegietako enpresa-batzordeekin bildu da gaur goizean, lan-erregulazioko espedientea iragarri ondoren. Sindikatuetako iturrien arabera, bileran, zuzendaritzak planteatuko dituzten neurriak aurkeztu ditu. Kontsulta aldiak, paraleloak eta bi lantegietarako, otsailaren 9an hasiko dira, eta asmoa da negoziazioa bi enpresa batzordeekin negoziazio mahai bakar batean garatzea.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X