Eroskiko bazkideek iazko galeren % 20 ordainduko dituzte
Eroski kooperatibako bazkideek onartu egin dute konpainiak iaz izan zituen galeren % 20,2 euren poltsikoekin ordaintzea, azken urteetan ere egin bezala.
2015ean, Eroskik 158,3 milioi euroko galerak izan zituen. Horrenbestez, bazkideek 32,1 milioi ordainduko dituzte.
Konpainiak ohiko asanblea orokorra egin du asteazken honetan, Barakaldoko BECen. Bertan, Agustin Markaide presidenteak aurreratu du urtea mozkinekin amaitzea espero dutela.
Eroskiko bazkideak 2012tik ari dira urtero-urtero galeren portzentaje bat bere egiten.
Hain zuzen ere, bazkide bakoitzari "banakako funts negatibo" batean gaineratuko zaizkio zenbaki gorriak, eta horretan pilatuko dizkiote azken urteetako galerengatik dagokiona. Funts hori independentea da, hau da, ez dago nahastuta langileak orain arte egindako ekarpenekin.
Iazko galeretatik, beste 47,5 milioi kooperatibaren erreserbekin ordainduko dituzte, eta gainerako 78,7 milioiak "borondatezko erreserba funts banagarria"ren bidez.
Zure interesekoa izan daiteke
SMU medikuen sindikatuak deitutako grebaren jarraipena % 4koa da, Osakidetzaren arabera
Repsolek auzitara eraman ditu Endesa, Iberdrola, Naturgy eta Red Electrica, itzalaldiagatik
Etxebizitzaren prezioak markak hautsi ditu berriro: 6.662 €/m2 Donostian eta 4.102 €/m2 Gipuzkoan
Espainiako Gobernuak bihar onartuko du gutxieneko soldata 1.286 eurora igotzea