Dokumentazioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Kontzertu Ekonomikoa ulertzeko bost galde-erantzunak

Euskadiren berezko finantzaketa eta zerga sistemaren gakoak eta historiaren nondik norakoak bildu ditugu lerro batzuetan.
1981eko Kontzertu Ekonomikoa. EiTB
1981ean Kontzertu Ekonomikoa adostu zutenen familia-argazkia. EiTB

Zer da Kontzertu Ekonomikoa?

Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) eta Espainiako Estatuaren arteko finantza eta zerga harremanak ezartzen eta arautzen dituen berezko sistema da.

Itun honen legezko definizioa 1979ko Autonomia Estatutuaren 41. artikuluaren bigarren atalean dago jasota, baita Espainiako Gorteek 1981ean onartu zuten Legean ere (Kontzertu Ekonomikoari dagokiona).

Espainiako 1978ko Konstituzioak berak erregimen berezi hau aitortu eta babesten du Lehenengo Xedapen Gehigarrian eta Xedapen Indargabetzailean

Noiztik dago indarrean?

Erregimen berezi hau 1878tik dago indarrean —139 urte bete zituen 2017ko otsailaren 28an— eta foruak ditu oinarri.

EAEko lurralde historikoek herritarren zergak bildu eta kudeatzen zituzten. 1876an, hirugarren gerra karlistaren ostean, Antonio Canovas del Castillo Espainiako Ministroen Kontseiluko presidenteak foruak indargabetu eta hiru aldundiak deuseztatu zituen. Lege horren arabera, euskal herritarrek Estatuko gainerakoek bezala ordaindu behar zituzten zergak.

Agindu hura betetzeari uko egin zioten foru erakundeek hasieratik, eta "plantoa" arazo bilakatu zen Madrilgo gobernuarentzat. Izan ere, ez zuen EAEko zergak biltzeko egitura administratiborik. Hala, negoziazio askoren ostean, 1878an, itun ekonomiko berezia onartu zuen Gobernuak, dekretu bidez. Orduan jaio zen Kontzertu Ekonomikoa.

1878ko otsailaren 28an izenpetutakoaren arabera, EAEn ezberdina izango zen zerga bilketa. Hiru lurraldeetako aldundiek itundutako zergak bilduko zituzten, eta Espainiako Ogasun Ministerioari eman beharrekoa Kupo bidez ordaintzea hitzartu zuten. Hau da, Ministerioak berak zergak bildu izan balitu, ustez jasoko lukeen zenbatekoaren ordaina. Ondorioz, foru aldundientzat izango litzateke bildutakoaren eta Kupoaren arteko aldea.

Izatez, zortzi urterako ituna zena bi aldeentzat onuragarri izan zen: Estatuak diru sarrerak lortzen zituen gastuak egin barik, eta diputazioek zergak erabakitzeko eta kudeatzeko autonomia zuten. Hala, hurrengo urteetan ere, Kontzertua berritzea hitzartu zuten EAEk eta Espainiako Estatuak. Sei aldiz aldatu zuten dekretu bidez (1887, 1894, 1906, 1925, 1952 eta 1976. urteetan). 1981ean, aldiz, Lege gisa onartu zuten.

139 urte hauetan bizirik egon da Kontzertu Ekonomikoa, Frankismo garaian salbu. Diktadoreak Gipuzkoako eta Bizkaiko kontzertuak indargabetu zituen, Erregimenarekin "traidore" izan zirela argudiatuta.

XXI. mendean, behin betiko bultzada eman zaio Ekonomia Itunari. 2002an izaera mugagabea eman zioten, eta 2014an erreforma egin zuten zerga mota berriak eransteko.

Zertarako balio du?

Itunari esker, Euskadik, "lurralde historikoetako erakunde eskudunen bitartez", tributu araubide propioa "mantendu, ezarri eta arautzeko ahalmena du". Hots, autonomia osoa du euskal herritarrek ordaindu beharreko zergak erabakitzeko, kudeatzeko eta biltzeko.

Hori horrela, EAEn zergei esker bildutakoa erkidegoarena da, eta hori da Jaurlaritzak eta hiru ogasunek zerbitzu publiko gehienak ordaintzeko erabiltzen dutena.

Kontzertuan jasota dagoenez, Estatuan diren 23 tributuetatik 11 EAEn araututakoak dira; bestela esanda, ez dira zertan Estatukoen berdinak izan (PFEZa, sozietateen gaineko zerga edota ondorengotza zerga, besteak beste). Gainerako 12ek (adibidez, BEZa) Estatuko arauak dituzte oinarrian.

Bakarra al da Ekonomia Ituna?

Nafarroak Kontzertuaren tankerakoa den Hitzarmen Ekonomikoa du. Estatuko gainerako 15 erkidegoak, berriz, "araubide orokorra"ren menpe daude, eta Administrazio Zentralarekin duten zerga harremana bestelakoa da.

Are gehiago, munduan halako beste sistemarik ez dago, Pedro Luis Uriarte Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburu ohi eta Kontzertuaren aitaren esanetan: "Ez dago halako zerga eta finantza ahalmenik aitortuta duen estatu federaturik edo Estatu azpiko entitaterik".

Zergatik da hain garrantzitsua Kontzertu Ekonomikoa?

Euskadiren autonomiaren muina da Ituna. Kontzerturik gabe, ez legoke autonomiarik. Itun horri esker, EAEk bere eskuduntzak garatzeko beharrezko dituen zerga sistema arautzeko eta baliabideak kudeatzeko ahalmena du. Euskal erakundeek euren zergak eta aurrekontuak erabaki ditzakete, autonomia osoz eta Estatuari baimenik eskatu gabe.

Zure interesekoa izan daiteke

BARAKALDO  (BIKZAIA), 07/02/2026.- Aspirantes de la OPE de la 35ª promoción de la Ertzaintza, antes de entrar a la primera prueba, este sábado en el BEC de Barakaldo (Bizkaia). EFE/Javier Zorrilla
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ertzaintzaren lan eskaintzarako lehen probak atzerapenarekin hasi dira, espero baino jende gehiago aurkeztu baita

Aurreikusitakoa baino ordubete eta laurden geroago hasi dira azterketak, leku eta proba gehiago prestatu behar izan dituztelako; izan ere, hautagaien % 70 aurkeztu ohi dira, eta % 85etik gora bertaratu dira gaurkoan. Segurtasun Sailak ohar bidez azaldu duenez, sindikatuei eman diete jada gertatutakoaren berri, baina Legebiltzarrean agerraldia eskatu du azalpenak emateko.

El coordinador general de Podemos Euskadi, Richar Vaquero, con cargos y representantes de su partido.
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Elkarrekin Podemosek zuzenketak aurkeztuko dizkio turismo-zergari "progresiboa eta udalerrien errealitatera egokitua" izan dadin

Miren Echeveste Elkarrekin Podemosen Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak esan duenez, bere taldeak "jarrera ireki, arduratsu eta eraikitzailearekin" egingo dio aurre zerga honen negoziazioari, "aurreproiektua indartzeko eta herri eta hirietako bizitzarekin bateragarria den turismo eredu jasangarriago baterantz aurrera egiteko".

Gehiago ikusi
Publizitatea
X