Berrikuntza funtsetako ekarpenek 750 eurorainoko kenkaria izango dute
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kuotan % 15eko kenkariak izango dira berrikuntza sustatzea xede duten inbertsio-funtsetan dirua sartu dutenentzat, EAJk eta PSE-EEk adostutako zerga-erreformak aurreikusitakoaren arabera. Urteroko muga 750 eurokoa izango da, gehienez.
Erreforma horrek dakartzan berritasunetako bat da hori. Foru Aldundiek euren gardentasun atarietan erakutsi dute aurreproiektua, eta hamabost eguneko epe bat abiatu da, herritarrek euren ekarpenak egin ahal izateko proposamen horri.
Arau berriak ez du funtsean indarrean dagoena aldatuko, batez ere partikularrentzat; izan ere, PFEZaren eta Sozietateen zerga-tasek orain arte bezala jarraituko dute.
Partikularrentzako berritasunen artean, azpimarratzeko modukoa da aipatutako kenkaria, alegia, enpresetako berrikuntza finantzatzea xede duten inbertsio-funtsetako ekarpenengatik egin ahal izango dena. Urteko gehienez 5.000 euroko ekarpena egin ahalko da; hortaz, 750 eurorainoko kenkaria izango da, gehienez ere.
Erosketa ez da zertan zuzenean egin; izan ere, funtsa horiek erostea finantzatzen duten kreditu-erakundeei ere ezarriko zaie. Hortaz, banketxearen bidez ere egin ahalko da. Baldintza bat izango da: bost urtean eutsi beharko zaio jarritako diruari edo hartutako partizipazioari. Hori bai, hartutako partizipazioen gaineko Ondare Zergan salbuespena izango da.
PFEZean beste berritasun batzuk ere izango dira; besteak beste, kenkari gehiago izango dira jarduera ekintzailea sustatzeko eta enpresa-egitasmo berriak ezartzeko. Horrela, zergadunek % 10eko kenketa egin ahalko dute sortu berri diren edo duela gutxi sortu diren enpresa txikien eta ertainen akzioak edo partizipazioak erosteko erabilitako diru-kopuruan; gehienezko oinarria 100.000 eurokoa izango da. Kenkari hori % 20raino hel daiteke, 150.000 euroko gehienezko oinarria duela, enpresa berri horiek berriztatzaileak izanez gero.
Enpresentzako zerga-sistema, zorrotzagoa
Enpresentzako zerga-sistema, aldiz, zorrotzagoa izango da; izan ere, sozietate-zergak % 28koa izaten jarraitu arren, mugak izango dira zerga-oinarri negatiboak konpentsatu eta kenketak aplikatzeko.
Arau aldaketa horren helburua "zerbitzu publikoen emate-mailari eustea eta zerga-sistemaren biltzeko gaitasunari laguntzea" da.
Mugak izango dira negatiboak diren zerga-oinarrien konpentsazioan; orain arte, enpresek aukera izan dute aurreko urteetako galerak onurak izandako urteak erabiliz konpentsatzeko, eta, hortaz, irabazien gaineko zergak murrizten zituzten.
Orain, aldiz, enpresa txikiek % 80ko mugarekin aplikatu ahal izango dute konpentsazio-erregimen hori; gainerakoek % 60ko muga izango dute. Gainera, kenkariak aplikatzeko kuota likidoaren mugak % 40ra egingo du behera, egungo % 45etik.
Enpresentzako beste aldaketa bat enplegua sortzeagatik kenkarian izango duten gorakada da; egonkortasunarekin eta soldatarekin lotuta izango da gainera.
Gipuzkoan 2012an Bilduk eta PSE-EEk sortutako aberastasunen eta ondasun handien gaineko zerga ondare-zerga izango da aurrerantzean, Bizkaiko eta Arabako Ogasunek dutenarekin bat egiteko.
Zergaren prezioaren taula, hemendik aurrera, Arabakoaren berdina izango da, eta duela bost urte kendutako "ezkutu fiskala" berreskuratuko dute. "Ezkutu" horren bidez, zergadun batek, gehienez, bere irabazien % 65 ordainduko ditu, PFEZean eta Ondarean; orain arte, aldiz, gehiago ordaintzeko aukera ere bazegoen.
Berritasun horiek guztiak Batzar Nagusiek onartu beharko dituzte, hiru lurraldeetan, eta, onartuz gero, 2018ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.
Enpresen lehiakortasuna zigortzen duen zerga-sistema da, Confebasken iritziz
Zerga-erreformaren aurreproiektuaren gainean, Confebask euskal patronalak salatu du Euskadiko enpresek, "lehen aldiz", izango dutela "inbertsioa oztopatu, enpresa-lehiakortasuna zigortu eta enpleguaren iraunkortasuna arriskuan jartzen duen zerga-sistema bat", EAJk eta PSE-EEk adostutako Sozietate Zergaren erreformaren bidez. Gainera, nabarmendu du tasa % 28tik % 24ra jaisteak ia 600 milioi inbertitzea eta 6.000 lanpostu sortzea ekarriko lukeela.
Jeltzaleek eta sozialistek adostutako araudi fiskalaren proposamenari buruz galdetuta Confebaskek esan duenez, PFEZean "aldaketa txikiak" dakartza, baina eragina izango du Sozietate eta Ondare Zergetan. Azken horietan, hain zuzen, euskal patronalak nabarmendu du enpresek aurreko urteetako galeren % 70 bakarrik kendu ahalko dituztela (egun, % 100 kentzen dute).
Agiri batean, Confebaskek eta patronala osatzen duten elkarteek (Adegi, Cebek eta SEA) esan dute akordioa galdutako aukera bat dela; izan ere, alderdiek ez dute erabili aukera hori "enpresen zerga-sistema ekonomia eta enplegua berrindartzearen alde kokatzeko".
"Egun indarrean dagoen tasa (% 28koa da) % 24ra jaitsiko balitz, 600 milioi euro inbertituko lirateke, eta 6.000 lanpostu sortu. Halaber, gogorarazi nahi dugu krisialdian galdutako ia 40.000 lanpostu ditugula oraindik berreskuratzeko; akordio honekin, denbora luzeagoa beharko dugu hori lortzeko", adierazi du patronalak.
Sozietate Tasa "anakronikoa"
Confebasken esanetan, "egun indarrean dagoen Sozietate Tasa Euskadirentzako erreferente diren gainerako ekonomietakoa baino handiagoa da. Gainera, herri garatuetan jarraitzen ari diren joeraren aurkakoa da; izan ere, krisialdian, igo beharrean, jaitsi egin dute, apurka-apurka".
"Europar Batasunean batezbesteko tasa % 22,6koa da, eta Eurogunean % 24,4koa; 2008tik hona, % 26tik jaitsi da Eurogunean, gainera", esan du Confebaskek. Hortaz, horren ustez, EAJk eta PSE-EEk adostutako hitzarmenak "epe laburrean bakarrik" pentsatzen du, eta lehentasuna ematen dio "gaurko diru-bilketari, biharko enpleguari eta inbertsioari baino". Garai honetan, gainera, krisia hasi aurreko diru-bilketa maila berreskuratu da, eta, ondorioz, patronalaren esanetan, "ez dago justifikatuta" erabaki hori.
Azkenik, Confebasken iritzian, jeltzaleek eta sozialistek ez dituzte baliatu "Kontzertu Ekonomikoak ematen dituen tresnak, Euskadiko ekonomia-berreskuratzea sendotu eta berori epe ertainera eta luzera bermatzeko".
Zure interesekoa izan daiteke
Gasteizko Aireportuko aparkalekuak doakoa izateari utziko dio 2027tik aurrera
Aenaren arabera, aireportuaren jarduera "nabarmen" hazi da, eta horren ondorioa izan da erabakia. Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak esan du hedabideen bidez izan duela erabakiaren berri.
Tubos Reunidoseko langileek enplegu-erregulazioko espedientea bertan behera uztea eta erakundeen inplikazioa eskatu dute
Amurrioko lantegiko Tubos Reunidoseko langileek manifestazioa egin dute asteazken honetan, 242 kaleratze proposatzen dituen enplegu-erregulazioko espedientearen aurka. Bilbon egindako mobilizazio batean, sindikatuen ordezkariek gutun bat aurkeztu dute enpresaren bulegoetan, espedientea bertan behera uzteko eskatuz.
Nafarroako Gobernuak Irango gerraren ondorio ekonomikoak arintzeko laguntzak iragarri ditu
Hasiera batean, harmonizazio-dekretu bat onartu dute, estatuko neurriak foru-araudira egokitzeko, baina aurreratu du neurri fiskal propioak lantzen ari dela, hala nola, PFEZren ordainketak atzeratzea.
Etxeko hegaztien ustiategietan ezarritako konfinamendua kendu dute, partzialki
Arrisku eta zaintza bereziko eremuetan mantendu egingo da neurria: Nafarroan, 12 udalerritan jarraituko dute etxaldeetako hegaztiek konfinatuta, eta EAEn, sei herritan.
Aldundiek neurri fiskalak iragarri dituzte Irango gerraren eragina arintzeko
Hartutako neurrien artean daude zerga-zorrak salbuespenen epeak luzatzea, PFEZren ordainketa zatikatuak egitetik salbuestea eta BEZaren itzulketen izapideak azkartzea, enpresei finantzaketa handiagoa eskaintzeko.
EBk telelana sustatzea, abiadura mugak murriztea eta hegazkinez bidaiatzea saihestea proposatu du, erregaia aurrezteko
Dan Jorgensen Energia komisarioak azpimarratu du arreta berezia jarri behar dela garraio sektorean, eta jardunbide onen dekalogo bat proposatu du, energia krisiari aurre egiteko. Esan duenez, Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioek luze joko dute.
Euskal partzuergoak Ayesa Digital erosi du
Iñigo Ucin presidente ez-exekutibo eta Manuel Baraza kontseilari delegatu ariko dira. Operazioan, Indar Karterak, BBK-k, Eusko Jaurlaritzak, Vital Fundazioak eta Tekneik osatutako partzuergoak Ibermatica zena erosi du.
Euriborra % 2,565era igo da, 2022ko urritik izan duen hileko hazkunderik handiena
Ekialde Hurbileko gerrak petrolioaren eta gasaren prezioetan eragin dituen igoerek ziurgabetasuna eraman dute merkatuetara eta inflazioaren beldurra zaldu dute banku zentraletan. Ondorioz, hipoteka aldakorrak kalkulatzeko erabiltzen den indizea gora begira jarri da.
Etxebizitzen prezioa % 12,8 igo da Euskadin, eta % 16, Gipuzkoan
Hala, EAE Espainiako hirugarren erkidego garestiena da, metro koadroko 2.631 euroko batez besteko prezioarekin.
Jaurlaritzak elektrizitate-sorkuntza berriztagarria bikoiztuko du 2030era arte, 80 milioiko inbertsio publiko-pribatuarekin
Horrekin batera, 'Lehentasunezko jarduketa-eremuak' izeneko dokumentu bat diseinatu du Jaurlaritzak, parke eolikoak eta fotovoltaikoak "modu errealista eta arrazionalean" hedatzeko. Guztira, eguzki-energiako eta energia eolikoko 11 'planta handi' aurreikusten dira 2030erako.