Tramitera onartu dute Loiuko aireportuko zuzendariaren aurkako salaketa
Bilboko 6. Instrukzio Epaitegiak tramitera onartu du CSIF sindikatuak Cristina Echeverria Loiuko aireportuko zuzendariaren aurka 'finger' edo pasareletako langileen grebaren harira aurkeztutako salaketa. Aipaturiko langileak greba mugagabea egiten ari dira apirilaren 17tik.
CSIF sindikatuak langileen "grebarako eskubidea galaraztea edo mugatzea" eta, ondorioz, Zigor Kodeko 315. artikulua urratzea egozten dio Echeverriari.
Epailearen autoan irakur daitekeenez, salaketak langileen eskubideen kontrako balizko delitu bati erreferentzia egiten dionez, aurretiazko eginbideak eta bestelakoak abiatzea erabaki du.
Epaitegietako erabakiaren ondotik, CSIF sindikatuak Loiuko aireportuko zuzendariaren dimisioa eskatu du, haren esanetan, langileen eskubideen kontra egiteak karguan jarraitzea eragozten diolako.