Autonomoentzako laguntzak handitzea aztertuko du Lanbidek, 10.000 eskaera jaso ostean
Autonomoei eta enpresa txiki zein ertainei zuzendutako laguntzak handitzea aztertuko duela iragarri du Lanbidek ostegun honetan, gauerditik 10.000 eskaera baino gehiago jaso ostean. Izan ere, webgunea kolapsatzea eragin du horrek, eta 04:00ak arte ez da martxan egon. Hori dela eta, Internet bidez egindako deialdietan izena emateko orduan ere aldaketak egingo dituztela aurreratu du.
Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak ohar batean adierazi duenez, erakundeak kontuan hartu du kolapso hori. Hala, erabilitako sistema ez dela "egokiena" izan onartu du, eta, beraz, ez dela berriro formatu bera erabiliko ziurtatu du. "Herritarrei barkamena" eskatu ostean, "formularioak eta eskakizunak errazago bete ahal izateko diseinu berria prestatzeko gai" izan behar direla esan du Belandiak.
Azaldu duenez, gaur egun bi modu daude laguntza horiek eskatzeko; alde batitik, izapidetze elektronikoaren bidez eta, bestetik, Lanbideren webgunean dagoen formulario baten bidez. Lehen aukera, aztertzen ari diren arrazoiak direla eta, "04:00ak arte ez da martxan egon". Bide horretatik, 08:00ak arte 1.836 eskaera iritsi dira.
Autonomoek egindako eskaerak jaso ondoren, horiek guztiak aztertu beharko ditu orain Lanbidek , baldintzak betetzen diren ala ez ikusteko eta laguntzak esleitzeko. Belandiak gaineratu du erakundeak badakiela autonomoen kolektiboak zailtasunak dituela eta horregatik jarri zela martxan neurri hori. "Bi modutan egin genezakeen, bata, partida eskaera guztien artean banatuz, eta horrek ez luke inoren arazoa konponduko, edo bi, autonomo batzuei 3.000 eurorekin laguntzeko erabili dugun irizpidea", zehaztu du.
Belandiak azaldu duenez, "pentsatzekoa da aurreikusitako 3 milioi euroko partida azkar banatuko dela", eta, beraz, aurreratu duenez, hemendik aurrera,"beste sail batzuekin batera, Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak zein diren aztertu behar dugu, partida hori handitzea eta pertsona gehiagorengana iristea posible ote den jakiteko. Zenbat eskaera iristen diren ikusi behar dugu, eta gure ondorioak atera", nabarmendu du.
"Nolanahi ere, partida luzatuko balitz, ez litzateke beharrezkoa izango deialdi berria egitea", gaineratu du. Martxan jarriko den hurrengo deialdia kulturari lotutako pertsonei zuzendura dago, asteazkenean iragarri zuten moduan, eta litekeena da hilabete amaieran eskuragarri egotea. Belandiak azpimarratu duenez, horretarako "beste sistema bat bilatuko dugu, herritarren artean ondoeza sortuko ez duena".
Lau orduz kolapsatuta
Zehazki, gauerdian zabaldu da diru laguntza horiek eskatzeko epea, eta autonomo askok pantailen aurrean igaro dute gaua, Lanbideren webgunera sartu nahian. Horrek, ordea, webgunearen berehalako kolapsoa eragin du goizaldean. Dena dela, 04:00ak aldera erabiltzaile askok euren eskaerak egitea lortu dute, eta ordu honetan badirudi webgunea normaltasunez dabilela.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Borja Belandia Lanbideko zuzendariak barkamena eskatu die herritarrei, euskal enplegu zerbitzuaren webgunea kolapsatu dela onartu ostean. Laguntzak euren negozioa itxi behar izan duten autonomoei zuzenduta daude, eta gehienez 3.000 eurokoak izango dira. Industria arloko enpresa txiki eta ertainek 09:00etatik aurrera eskatu ahal dute laguntza hori.
Milaka eskatzaile epe hori noiz irekiko zain egon dira, eskaera guztiak Internet bidez egin behar baitira, eta horiek erregistratzen diren heinean aztertuko dira. Lanbidek eskaera bakoitza aztertuko du orain, eta, eskatutako baldintzak betetzen baditu, eskatzaile bakoitzaren egoera azteruko da, laguntzak banatzeko.
Eskaera horiek "premiazkoak diren egoerei" erantzuten badiete, programa horretarako hasieran aurreikusitako 3 milioi euroko partida handitzeko aukera azter dezake Eusko Jaurlaritzak, "herritarrek eskaera masiboa egin dutelako".
Lanbidek "akatsetatik" ikasiko duela esan du Belandiak, eta kultur arloko langileei zuzendutako laguntzak eskatzeko orduan "beste sistema sinpleago bat" ezarriko dutela aurreratu du.
Gehienez 3.000 euro jasoko du eskatzaile bakoitzak
Zehazki, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz ezarritako alarma-egoeraren ostean, diru-sarrerarik gabe geratu diren autonomoek eta krisian sartu diren enpresa txiki eta ertainek Eusko Jaurlaritzak beren jarduerari eusteko onartutako laguntzak eska ditzakete jada.
Enpresa txiki eta ertainen kasuan, EAEko Aldizkari Ofizialean agertzen dira Bideratu egitasmoak berregituraketarako eta berpizteko jarri dituen baldintzak. 20 milioi euroko diru-saila izango du egitasmoak, eta eskaerak iritsi diren hurrenkeran aztertuko dituzte.
Epe ertain edo luzerako bideragarritasuna berreskuratzea helburu duten berregituraketa edo bideragarritasun planak aurkezten dituzten enpresek eskuratu ahal izango dute 800.000 euro arteko laguntza.
Enpresa horiek 20 langile izango dituzte gutxienez eta 250 gehienez, eta negozio bolumenak ezingo ditu 50 milioi euroak gainditu, edo 43 milioi euroak balantzearen kasuan.
Bideraturen deialdi hau bereizi egiten da ohiko deialditik, koronabirusaren pandemiaren eraginez krisian daudenek soilik eska dezaketelako. Gainera, Eusko Jaurlaritzak jarriko du kapitala, enpresaren ekarpenik gabe.
Lanbidek autonomoei emango dizkien laguntzak, berriz, alarma egoeraren ondorioz jarduera eten behar izan dutenei daude zuzenduta. Gehienez 3.000 euro jasoko du eskatzaile bakoitzak, Jaurlaritzak aurreikusi duen 3 milioi euroko mugara iritsi arte.
Enpresen kasuan bezalaxe, diru-saila ezin da handitu; beraz, eskaerak egiten dituztenen hurrenkeran aztertuko dituzte.
Enpresari eta profesionalek jaso ahal izango dute diru-laguntza, ondasun komunitateko kideekin eta elkarte zibilekin batera, etxebizitza soziala eta fiskala eta enpresaren jarduera EAEn badute. Era berean, baldintza jakin batzuk betetzen dituen lokal bat izan beharko dute, edo bere jarduera bertan behera geratu den horretara mugatzea.
Bestalde, SPRI Taldeak webgune berezi bat jarri du abian, euskal enpresara bideratutako ekintza guztiak biltzen dituena, bai eta Eusko Jaurlaritzako sailetatik sustatzen eta kudeatzen diren laguntza berrietarako sarbidea ere.
Zure interesekoa izan daiteke
Baso-langile bat hil da Zornotzan, zuhaitz batek kolpatuta
Lan-istripua 18:30 aldera gertatu da, eta, osasun-langileak bertaratu diren arren, ezin izan dute ezer egin haren bizitza salbatzeko.
Honela banatzen da ostatu turistikoaren eskaintza Euskal Autonomia Erkidegoan
Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroaren azken datuaren arabera, gaur egun 88.604 turismo-plaza daude, ia erdia Bizkaian. EAEko 19 udalerritan 750 ostatu-plaza baino gehiago daude.
Eusko Legebiltzarrak uko egin dio etxebizitza-edukitzaile handien erregistro bat egiteari
EH Bilduren eskariz eztabaidatu da gaia Osoko Bilkuran. Koalizioaren jatorrizko ekimena baztertu egin dute bozketan, baita Sumarren zuzenketa bat ere; aldiz, EAJren eta PSE-EEren zuzenketa bat onartu da. EH Bilduren proposamenak edukitzaile handien erregistro bat eegitea eskatzen zuen, izan pertsona fisiko naiz juridikoena, Nafarroan edo Katalunian daundenen gisan.
Interes-tasak % 2an mantendu ditu EBZk, bosgarren aldiz, merkatuek espero bezala
Europako Banku Zentraleko (EBZ) Gobernu Kontseiluak joera aldatu gabe jarraitzea erabaki du, 2025eko ekainean malgutze-zikloa eten ondoren. Ziklo horrek oinarrizko 200 puntu murriztu zuen diruaren prezioa, beheranzko zortzi doikuntzen bidez.
Hurtado sailburuak turismo-zerga 2027an EAE osoan aplikatu ahal izatea espero du
Javier Hurtado Turismo sailburuak "positibotzat" jo du aldundiek egindako foru arauaren edukia, eta hiru lurralde historikoetarako araudi "homogeneoa" dela nabarmendu du. Gainera, zerga progresiboa izatea txalotu du, "gehien duenak gehiago ordaintzea" eragingo duelako.
Bizkaian garraio publikoko deskontuak abenduaren 31ra arte luzatuko dira
14 urtetik beherako adingabeek garraioa doan izango dute urte amaierara arte eta deskontuak egongo dira Gazte tarifetan eta bidaia ugariko gainerako abonuetan. Hobari-neurriak otsailera arte zeuden indarrean, eta ostegun honetan Bizkaiko Garraio Partzuergoak erabaki du abenduaren 31ra arte mantentzea.
EAErako zerga turistikoa onartzeko aurreproiektua, martxan: eguneko 7,5 eurorainokoa izan daiteke
Egonaldi turistikoen gaineko zerga udarako indarrean izatea aurreikusten dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiek. Hori bai, udalerri denetan ez da aldi berean indarrean sartuko, batzar nagusiek zerga onartu eta foru araua lurralde bakoitzeko agerkari ofizialetan argitaratu ostean, udalek sei hilabeteko epea izango dutelako udal-ordenantzak egokitzeko. Udalerri bakoitzari dagokio zerga kobratzea.
BBVAk 10.511 milioi irabazi ditu 2025ean, % 4,5 gehiago
Aldaketa-tasa egonkorra erabilita, mozkinen hazkundea % 19,2koa izan zen. Erakundeko presidenteak adierazi duenez, errekor berri horrek agerian uzten du "hazkundea eta errentagarritasuna konbinatzeko dugun gaitasuna".
ELA, LAB, CC. OO. eta ESK sindikatuek Ertzaintzak Gasteizen manifestari "baketsuen" aurka egindako "erasoak" salatu dituzte
Arabako esku-hartze sozialaren sektorean lan-hobekuntzak eskatzeko mobilizazioa egin dute Arabako hiriburuan.
Inbertitzaileen euskal partzuergoak Uvesco erosteko prozesua amaitu du
Uvesco Taldeak, BM eta Super Amara marken matrizeak, 344 establezimendu eta 7.000 langile baino gehiago ditu gaur egun. Banaketa taldeak Hego Euskal Herrian, Madrilgo Erkidegoan, Avilan, Kantabrian eta Errioxan jarduten du une honetan.