kontsumoa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

OCUk ohartarazi du 2020an prezioak % 2,6 garestitu zirela Black Friday-n

Elkartea 2.500 produkturen baino gehiagoren prezioak aztertzen hasi da, Black Friday aurreko hilabete osoan zehar duten bilakaera erreala ikusteko. Gainera, kontsumitzaileei gomendatu die beherapen deigarriak dituzten iragarkiez ez fidatzeko.
OCUk iragarkietako beherapen deigarriez ez fidatzea gomendatu du. Artxiboko argazkia: EITB Media
OCUk iragarkietako beherapen deigarriez ez fidatzea gomendatu du. Artxiboko argazkia: EITB Media

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak (OCU) ohartarazi duenez, iaz % 2,6 igo ziren prezioak, bataz beste, Black Friday-n.

Hori dela eta, elkartea 60 dendatako 2.500 produkturen baino gehiagoren prezioak jarraitzen hasi da, Black Friday hasi aurreko hilabete osoan zehar duten bilakaera erreala ikusteko. Hala, beherapen kopurua eta horien balioak egiaztatuko dituzte, gehiegikeria posibleak salatzeko.

OCUk sei urte daramatza saltokietako prezioen gaineko kontrola egiten. Nabarmendu duenez, beherapenak ez dira ohikoena, eta denda batzuek prezioak areagotu egiten dituzte egun horietan.

2020an, beherapen handiak iragartzen zituzten kanpainak gora behera, produktuen % 19k bakarrik jaitsi zituzten prezioak Black Week izenekoan, eta % 28k, aldiz, igo egin zituzten.

Denda batzuetan, Black Friday-ren astean zehar arakatutako produktuen erdiak baino gehiago aurreko asteetan baino garestiagoak ziren, hala nola Worten-en (% 51), Fnac-en (% 52) edo Electrodomésticos web-en (% 73).

Prezioa jaitsi zuten produktu gehien izan zituzten kategoriak aurikularrak, txigorgailuak eta telefono mugikorrak izan ziren baina, betiere, gehiago izan ziren igo zutenak.

Beherapenik nabarmenenak 'wearable' gailuetan eta bozgorailu eramangarrietan aurkitu zituzten, eta imprimagailuek, labeek eta telefono mugikorrek izan zituzten igoera gehien.

Horregatik, OCUk kontsumitzaileei gomendatu die beherapen deigarriak dituzten iragarkiez ez fidatzeko, eta gogora ekarri du promozio orotan jatorrizko prezioa agertu behar dela beheratutakoaren alboan, beherapenaren portzentajea edo biak bestela.

Gainera, elkarteak gogora ekarri du legeak ez duela baimentzen akastun produkturik beheratuta saltzea. Halabeharrez adierazi behar da salgai-hondarrak direla edo akatsen bat dutela. Edonola ere, Internet bidez erosi badira, 14 egunetako epea dago poduktua itzultzeko, eta bi urteko bermea izango du.

Zure interesekoa izan daiteke

BILBAO, 18/03/2026.- El secretario general de CCOO Euskadi, Santi Martínez (i), y el responsable de política lingüística, Alfonso Ríos (d), intervienen este miércoles en la rueda de prensa en la que el sindicato ha expuesto su política lingüística y las consecuencias de su defensa. EFE/ Miguel Toña
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela

Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X