Energia aurrezteko neurriak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Araba, eraikin publikoetako argiak amatatzen dituen lehen euskal lurraldea

Foru jauregiaren eta Santa Maria katedralaren argiak itzalita egon dira bart. Eneko Goia Donostiako alkateak, bestalde, aitortu du 1,2 milioi gehiago gastatuko dituztela argindarrean eta mugak jarri beharko direla, "betiere segurtasuna bermatuta".
Arabako foru jauregiaren argiak amatatuta egon dira bart.
Arabako foru jauregiaren argiak amatatuta egon dira bart. EITB Media

Arabako Foru Aldundia hasi da energia aurrezteko neurriak aplikatzen, eta bart itzalita egon dira foru jauregiaren eta Gasteizko Andre Maria katedralaren argiak. Araba izan da, hain justu, neurriak ezartzen EAEko lehen lurraldea, Bizkaiak eta Gipuzkoak oraindik ez dituztelako aplikatu.

Espainiako Gobernuaren errege dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egunean egin zuen iragarpena Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, baina neurriok joan den astean euskal erakundeek adostutakoaren ildotik zetozela erantsi.

"Aldundiaren ardura diren eraikin eta espazioetan energia aurrezteko neurriak berehala jarriko ditugu martxan", iragarri zuen. Horren ildotik, eraikin publikoetako argiak itzaliko zituztela zehaztu zuen, eta Martiodako Dorrea jarri zuen adibide. 

Gaineratu zuenez, eraikin publikoetako tenperatura mugatzen hasiko dira datozen egunetan, Espainiako Gobernuaren dekretuaren eta euskal erakundeek itundutakoaren "ildotik". Gonzalezen hitzetan, bi dokumentuak "bateragarriak dira", baina Gonzalezek argitu du EAEren proposamena 25 ºC-koa dela udarako, eta 20 ºC-koa, neguan (Espainiak 27 eta 19 graduko muga ezarri du, hurrenez hurren). 

Bien bitartean, ostiralean EAEko erakunde nagusiek adostutako neurriei (irailean aplikatuko dira, instrukzio bidez) egin die erreferentzia Bizkaiko Foru Aldundiak. Hiriburuan, hainbat eraikin aspaldi hasi ziren gaueko argiteria mugatzen: foru jauregiak ez ditu argi apaingarriak isiotzen, Bilboko udaletxeak % 30era ditu, eta Arriaga antzokiak funtzioa duen gauetan bakarrik pizten ditu. Euskalduna Jauregiak iragarri du led eta kaleko argiak amatatzen hasiko dela aurki. 

Gipuzkoan, Eneko Goia alkateak atzo aitortu zuenez, 1,2 milioiko desbideratze bat izan dute aurten argindar gastuan, "ez da kopuru makala", erantsi zuen. "Donostiako Udalak 3,8 milioi euroko aurrekontua zuen argindarrerako, eta urte amaierarako dugun aurreikuspena bost milioi eurokoa da, 1,2 milioiko desbideratzearekin, hortaz. 2023rako, horrela jarraituz gero, sei milioi eurotik gorakoa izango da aurrekontua", azaldu zuen. 

"Datuok irakurrita, halabeharrez, aurrezteko neurriak hartu beharko ditugu, baina modu arrazional eta zentzuzkoan hartu behar ditugu, ohartarazi zuen. Goiaren iritzian, "eraikinak hain argiztatuta ez egoteak ez nau kezkatzen, arduratzen nauena kaleak dira, segurtasuna bermatu behar dugulako". 

Azkenik, Espainiako Gobernuak ezarri dituen neurriez galdetuta, "efektibistatzat" jo zituen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta, horren aldean, Euskadik "bere plana" duela azpimarratu du. 

Zure interesekoa izan daiteke

BILBAO, 18/03/2026.- El secretario general de CCOO Euskadi, Santi Martínez (i), y el responsable de política lingüística, Alfonso Ríos (d), intervienen este miércoles en la rueda de prensa en la que el sindicato ha expuesto su política lingüística y las consecuencias de su defensa. EFE/ Miguel Toña
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela

Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X