Arzak esan du Osakidetzak "irizpide politikoak" ezin dituela "irizpide teknikoen gainetik" jarri
Donostialdeko ESIan lehertu den krisia azken urteotan Osakidetzaren kudeatzaileek hartutako erabakien ondorioa da. Hala esan du Raul Arza UGT Euskadiko idazkari nagusiak, goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Horren hitzetan, irizpide politikoak jarri izan dira irizpide teknikoen gainetik, profesionalen iritziei "entzungor" eginez, eta horrek guztiak "egoera eutsiezin" batera eraman du osasun sistema.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak atzoko agerraldian esandakoak gogor kritikatu ditu Arzak. Donostialdeko ESIan izandako kargugabetzeak "ikuspegi bateratua partekatzeko zailtasunen" ondorio izan zirela esan zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko arduradunak. UGTko ordezkariaren iritzian, "iritzi kritikoak" aintzat hartzea ezinbestekoa da "zerbitzua hobetu" nahi bada. Zentzu horretan, "langileekiko enpatia eza" eta erabakiak "aldebakarrez" hartzea egotzi dizkio sailburuari.
Sagarduik dimisioa eman beharko lukeen galdetuta, ordezkari sindikal gisa hori erantzutea berari ez dagokiola adierazi du, baina "sindikatuekin elkarrizketa berrabiatzea" exijitu dio sailburuari. "Osakidetzak bizi duen egoera zaila konpontzeko, elkarrizketa berreskuratu behar da", esan du.
Aurrekaririk gabeko krisia lehertu da Osakidetzan, joan den ostiralean Donostialdeko ESIko gerentea eta zuzendaria kargugabetu, eta horren ondotik hainbat arduradunek dimisioa aurkeztu eta gero.
Zure interesekoa izan daiteke