energia-instalazio berriak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Abian jarri nahi diren parke energetikoek nekazaritzan eragina izan dezaketeela deitoratu du ENBA sindikatuak

Irizpide agrologikoak kontuan har ditzaten eskatu diete parke eolikoen edo fotovoltaikoen sustatzaileei, baita euskal erakundeei ere, kokalekuak erabakitzerakoan, "ezin baita lurzoru gehiago gastatu herri honetan elikagaiak eduki nahi badira".
Energia eolikoa. Artxiboko argazkia: Pixabay
Energia eolikoa. Artxiboko argazkia: Pixabay

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) martxan jarri nahi diren energia-instalazio berriak kutsatuta egon daitezkeen inguruetan kokatzeko eskatu du ostegun honetan ENBA sindikatuak, eta ez nekazaritza edo baso-lurretan. Hala, abian jarri nahi diren parke energetikoek nekazaritzan eragin zuzena izan dezaketeela ohartarazi dute. Iñaki Goenaga eta Karlos Ibarrondo ENBAko Gipuzkoako eta Bizkaiko presidenteek "Euskal Herrian elikadura burujabetza eta energia subiranotasuna bateragarri eginez" izeneko txostenaren ondorio nagusiak aurkeztu dituzte Donostian.

Elikadura burujabetza eta burujabetza energetikoa uztartzeko beharra azpimarratu dute kazetarien aurrean egindako agerraldian, eta nekazal lurra babestuko duten proposamenak sustatzeko beharra azpimarratu dute.

Izan ere, nekazal lurrak, "hoberenak gainera", eskuratzeko joera somatzen du ENBAk erakunde eta energia sustatzaileen aldetik, "batzutan energia sortzeko baldintza perfektuen aitzakian besteetan energia garraitzeko leku egokienak eta merkeenak direlakoan". Hala, irizpide agrologikoak kontuan har ditzaten eskatu diete parke eolikoen edo fotovoltaikoen sustatzaileei, baita euskal erakundeei ere, kokalekuak erabakitzerakoan, "ezin baita lurzoru gehiago gastatu herri honetan elikagaiak eduki nahi badira".

Energia berriztagarriak sortzeko azpiegitura berrien proiektuak "oso garrantzitsuak" direla onartu dute sindikatu horretako ordezkariek, baina lursail handiak behar dituztenez, horrek "talka handia" sortzen du nekazal lurren erabilera naturalarekin. Haien iritziz, enpresa eta erakunde sustatzaileek "nekazaritzako lurrik onenak eskuratzeko joera dute, energia sortzeko baldintzarik onenak dituztelako, garraioa errazteko edo, besterik gabe, merkeagoak direlako".

Testuinguru horretan, sindikatuak ohartarazi du nekazaritzako ustiategien bideragarritasun ekonomikoak lotura zuzena duela lurzoruarekin, eta haien ekoizpena, nekazaritzakoa zein abeltzaintzakoa, "haren mende dago, eta, beraz, ezinbestekoa da lur horiek defendatzea". "Euskadiko elikadura burujabetza eta burujabetza energetikoa erronka bateragarriak" direla iritzita, biek ala biek "lurra behar dutela" azpimarratu dute. Hala, nekazaritzatik kanpoko erabilera duten lursailak energia-azpiegituretara bideratu daitezkeela gaineratu dute.

Elikagaien ekoizpenak, haien ustez, "araudi desberdinetan interes orokorreko jardueraren kalifikazioa" izan beharko luke, energiak bezala, eta kokaleku bat aukeratzeko unean "ekonomikoa ezin da irizpide nagusia izan", legedian "jasotako nekazaritza-lurren babesa" deuseztatuko lukeelako.

Halaber, energia jarduerarako instalazioak eta azpiegiturak non kokatu hautatzerakoan, ustez kutsatutako lurren inbentarioa aintzat hartzea eta lur horiek lehentasuna izatea eskatu dute, kutsatutako lurrak berreskuratzeko helburua egikarituz eta bestalde, aurrez erabilitako lurrak, lur berriak artifizializatzen hasi gabe. "Energia berriztagarriak sustatzerakoan, hain gurea den egurraren biomasa lehenetsi beharko litzake, basogintza mundua suspertzearekin batera, biomasa industria moldatuz", gaineratu dute.

Zure interesekoa izan daiteke

BILBAO, 18/03/2026.- El secretario general de CCOO Euskadi, Santi Martínez (i), y el responsable de política lingüística, Alfonso Ríos (d), intervienen este miércoles en la rueda de prensa en la que el sindicato ha expuesto su política lingüística y las consecuencias de su defensa. EFE/ Miguel Toña
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela

Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X