10 greba egun gehiago deitu dituzte urtarrila eta otsailerako EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan
Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte ekimeneko ikastetxeetan beste hamar egunetan egingo dute greba, Gabon oporraldiaren ostean, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta. Lan hitzarmen berria negoziatzeko eskatzen diote Kristau Eskola eta AICE-IZEA sektoreko patronal nagusiei.
Zehazki, greba deitu dute urtarrilaren 17, 18, 23, 24 eta 25erako eta otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20rako. Aurretik, urrian eta abenduan, bederatzi egunez egin zuten greba. Sindikatuen arabera, % 65ko jarraipena izan zuen deialdiak, bataz beste.
Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako lan hitzarmena 2021etik dago iraungita. Sindikatuek salatzen dutenez, "onartezina eta arduragabekeria" da egindako greben ondoren patronalak testua berritzeko mahairik ez deitzea eta proposamenik ez egitea.
Hala ere, aitortu dute patronalen aldetik "mugimenduak" egon direla, baina "ez da ez negoziaketa errealik egon ez eta proposamenik mahai gaineratu ere".
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari gatazka bideratzeko esku har dezala eskatzen diote, ez baita "edozein eragile, eta badu zeresanik langile hauen lan baldintzen inguruan".
Aldarrikapen nagusien artean daude lan zama arintzea, sektore feminizatu eta prekarizatuak hobetzeko neurriak, KPIa bermatzeko soldata igoerak eta lanpostuak mantentzeko neurriak, besteak beste.
Zure interesekoa izan daiteke
ELA eta LAB, etxebizitzaren aldeko greba orokorrerako bidean
LAB etxebizitzaren inguruko greba orokorraren alde agertu da, eta beste sindikatuekin batera prestatzen ari dela esan du
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako