Kristau Eskolak sindikatuei eskatu die negoziatzen ari diren bitartean mobilizazioak alde batera uzteko
Kristau Eskola sarearen ikastetxeetako zuzendari Maria Eugenia Iparragirre elkarrizketatu dute gaur, asteartearekin, Radio Vitorian, itunpeko zentroetan biharko deitutako greba egunaren eta sindikatuen eta patronalaren arteko negoziazioen inguruan jarduteko.
Gaur bertan bilera dute, eta, aurreratu duenez, ostiraleko proposamena hobetuko dute. Orduan, ia % 18ko soldata igoera proposatu zuen patronalak Bigarren Hezkuntzan, eta ia % 20koa Lehenengo Hezkuntzan. "Gainera, irakasleei ez ezik, gainerako beharginei ere eragiten die eskaintzak", elkarrizketan zehaztu duenaren arabera.
"Akordioa ixtea mugarri litzateke, diru kantitate handiari buruz ari baikara hizketan. Ados jartzen ez ginen puntu guztiak aztertu ditugu, jarrerak gerturatze aldera. Sindikatuak, aldiz, hasiera bateko planteamenduan tematu dira, eta ez dute mobilizazioak uzteko asmorik erakutsi", nabarmendu du.
Ildo horretan, indar sindikalei eskatu die "akordio errealista" batera iristea, kontuan izanda 20.000 matrikulazio gutxiago daudela Kristau Eskolan.
Halaber, gogora ekarri du matrikulazio kanpaina betean antolatu dituztela protestak, eta horrek matrikula kopuruan eragina ote duen galdetuta, zera erantzun du: "Ez da matematika, baina jakin badakigu horrek ondorioak dituela, ez soilik matrikulazioan, baita ikasle bakoitzaren hezkuntza prozesuan ere".
Hori dela eta, negoziatzen ari diren bitartean mobilizazioak uzteko deia egin die sindikatuei, eta arduraz jokatzeko galdegin die. "Ez ditzagun proposamen irrealak egin, edozer dela posible sinestarazita", bukatu du.
Zure interesekoa izan daiteke
ELA eta LAB, etxebizitzaren aldeko greba orokorrerako bidean
LAB etxebizitzaren inguruko greba orokorraren alde agertu da, eta beste sindikatuekin batera prestatzen ari dela esan du
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako