Estatu espainiarreko ekonomia % 2,5 hazi zen 2023an, aurreikusitakoa baino hamarren bat gehiago
Estatu espainiarreko ekonomia % 2,5 hazi zen 2023an, Pedro Sanchezen Gobernuak aurreikusitakoa baino hamarren bat gehiago. Iazko azken hiruhilekoan % 0,6ko gorakada izan zuen Barne Produktu Gordinak (BPG), aurrekoan baino % 0,2 gehiago. Inflazioaren aurrean herritarren kontsumoa apaldu egin bada ere, esportazioen gorakadak eragin du, hein handi batean, ekonomia haztea.
Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak zabaldu ditu datuok, hiruhileko bakoitzaren amaieran kaleratzen duen txostenean. Bertan zehazten duenez, eskaera nazionalak (kontsumoa eta inbertsioa) 1,7 puntuko ekarpena egin zion PBGren hazkundeari, urtebete lehenago baino 1,2 puntu gutxiago, eta kanpo-eskariak (esportazioak ken inportazioak) 0,8 puntu utzi zituen, 2022an baino 2,1 puntu gutxiago.
Beraz, hirugarren urtez jarraian egin du gora ekonomiak Estatu espainiarrean, iazko hazkundea azken hiru urteotako baxuena izan bazen ere: 2021ean % 6,4 hazi zen, 2022an 5,8, eta iaz, % 2,5.
2020an koronabirusaren pandemiak eragindako jaitsieraren ondoren hasi zuen atzera berriz goranzko bidea ekonomiak orain hiru urte.
Zure interesekoa izan daiteke
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako