ELAk bere XVI. Kongresu konfederalari ekin dio, Mitxel Lakuntza berriz idazkari nagusi izateko hautagai dela
ELAk hitzordu bikoitza du Bilboko Euskalduna Jauregian aste honetan. Sindikatuaren XVI. Kongresu konfederala egingo dute astelehen eta asteartean, Mitxel Lakuntza berriz idazkari nagusi izateko hautagai dela, eta 'Langileria antolatu, gizartea eraldatu' leloari helduta.
Erronka garbi batekin ekingo dio ELAk Kongresuari, "Langileak antolatzea eragile aktibo eta eraldatzaile gisa, gizarte bidezkoago baten alde". 'Sindikatu gehiago, bizitza gehiago' izango da lau urtean behin egin ohi duten kongresu honetako bigarren leloa.
Eredu sindikal "autonomo eta lehiakor" bati eutsi nahi dio ELAk, "autogobernuaren gainbeheraren aurrean mobilizazio soziala lehenetsita". Lan harremanetan eztabaida, euskararen estatusa, nazio aitorpena eta erabakitzeko eskubidea sartzea ere defendatuko du.
Ponentzia eztabaidatu eta bozkatuko dute bertan, bai eta kudeaketa txostena ere. Izan ere, horiek izango dituzte datozen lau urteetako lan lerroak. Gainera, aukera hori baliatuko dute 1976an Eibarren egindako III. Kongresuan xehatutako oinarriak eguneratzeko.
Guztira, 736 ordezkarik eztabaidatuko dute Batzorde Exekutiboak aurkeztutako kudeaketa txostena, eta 2029ra arteko lan sindikala definituko dute. Ordezkarietatik 344 gizonezkoak izango dira, eta 392 emakumezkoak (% 53,2). ELAren esanetan, horrek agerian uzten du sindikatuak genero berdintasunaren alde duen konpromisoa.
Mitxel Lakuntza
Batzorde Exekutiboa ere aukeratuko dute, Mitxek Lakuntza berriz idazkari nagusi izateko bidean dela. 2019ko maiatzean hartu zuen horrek kargua.
Berritasunik ere izango du batzorde horrek, hiru pertsona berri sartuko baitira: Ane Bilbao Alzelai (Gasteiz, 1993), Luis Fernandez Centeno (Iruñea, 1973) eta Unai Oñederra Egaña (Donostia, 1973).
Kongresua
Kongresuak bi egun iraungo du, eta lehenengo egunean, gainera, goizean eta arratsaldean bilduko dira. 09:00etan hasiko dute lehenengo saioa, eta azken lau urteetako balorazioa egingo dute bertan, kudeaketa eta ekonomia txostenak aurkeztuta. Mitxel Lakuntzak berak hartuko du hitza, eta palestinar ordezkari batek ere hitz egingo du. Horretaz gain, oinarriak berritzeko bozketa egingo dute.
Bigarren egunean, Ponentzia eta proposatutako hiru ebazpenak izango dituzte eztabaidagai: estatus berriari buruzkoa, lehena; Europako militarizazioari eta gerrazalekeriaren ingurukoa, bigarrena, eta soldatekin lotutakoa, hirugarrena.
Amaieran, Batzorde Exekutibo berria hautatuko dute, eta bertara gonbidatu dituzten erakundeek parte-hartzea ere espero da.