Euskadi eta Nafarroa lan-kostu altueneko erkidegoetan bigarren eta hirugarren dira
Espainiako urteko soldata gordina % 3,8 igo zen 2024an, 27.558 euroraino.
Langileen urteko soldata gordina 27.558,68 eurora iritsi zen 2024an, hau da, aurreko urtean baino % 3,8 gehiago, eta 2008tik izan duen mailarik altuenean jarri zen, Espainiako Estatistikako Institutuak argitaratutako Lan Kostuari buruzko Urteko Inkestaren emaitzen arabera.
Espainiako lan-kostu gordina % 3,85 igo zen, eta 37.545 eurora iritsi. Euskadi eta Nafarroa dira lan-kostu handieneko autonomia erkidegoetako bi.
Lan-kostu garbi handiena duen erkidegoa Madril da: 44.458,06 euro 2024an. Euskadiren atzetik Nafarroa dago, 40.459,12 euro urtean, langile bakoitzeko. Baxuenak Extremaduran (30.542,37 euro), Kanarietan (31.077,73) eta Andaluzian (32.664,18) izan ziren.
Ostalaritzak du soldata baxuena, eta energiak, handiena. Langile bakoitzeko lan-kostua urteko 23.138,9 euro gordinekoa izan zen ostalaritzan, eta 82.147,9 eurokoa energia elektrikoaren, gasaren, lurrunaren eta aire girotuaren horniduran.
Lan-kostuen aldakuntzari dagokionez, 2023aren aldean, hazkunderik handienak Extremaduran, Murtzian eta Galizian izan ziren; Euskadin, Andaluzian eta Kanarietan, aldiz, igoera txikiagoa izan zen. Enpresek lan-kostu garestienak dituzten bigarren autonomia Euskadi bada ere, gutxien aldatu dena da