Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan eskainitako irakasle-plazen % 17 hutsik geratu dira Nafarroan
Eskainitako 473 plazetatik 84 ez dira bete. Lehen Hezkuntzan, berriz, ia ez da lanposturik geratu bete gabe.
Ikastetxe bat. Argazkia: EITB
Bigarren Hezkuntzarako eta Lanbide Heziketarako lan-eskaintza publikoko 473 lanpostuetatik 84 bete gabe geratu dira Nafarroan, CSIF sindikatuak bildutako datuen arabera.
CSIFen presidente Mario Gutierrezek esan du hutsik dauden plazez gain, Estatuan bitarteko langileen tasa % 30etik gorakoa dela.
Egoera horrek ez du zerikusirik Lehen Hezkuntzako irakasleen errealitatearekin, horretan ez baita ia lanposturik geratu bete gabe.
Hala ere, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako gelak ez dira hutsik geratuko, interinoen lanari esker, hain zuzen ere. "Ezohiko zerrendak" sortu ondoren, espezialitate teknikoetan geratu diren hutsuneak beteko dituzte.
CSIFeko hezkuntza arloaren presidenteak kritikatu egin du Administrazioak ez diola irakaskuntzako estatutua egiteko hitzari eutsi. Izan ere, haren ustez, estatutuak irakasleak funtzio publikoan sartzeko sistema hobetu eta modernizatuko luke, 2010aren aurreko lan-baldintzak finkatuko lituzke eta irakasleen kolektiboaren titulazioarekin bat datorren ordainsaria ekarriko luke.